Javier Rojo Arabako PSE-EEko idazkari nagusia eta Espainiako Senatuko presidente hautatu berria izan da erantzuten aurrena. TVE Espainiako telebista publikoan egin dioten elkarrizketan esan du PPrekin duten hitzarmena "terrorismoaren kontra borrokatzeko oinarrizko tresna" dela, eta erantsi du abertzaleek hala ulertu beharko luketela. "Egun inork ez du zalantzan jartzen itun horrek gauza on asko ekarri dituela, eta zerbaitek funtzionatu duenean ezin da suntsitu atzera egiteko", esan du.
Hitzarmena "demokrazia eta askatasuna sutatzeko, eta terrorismoaren kontra" sortu zela nabarmendu du Rojok, eta beren asmoa ez dela inola ere bertan behera uztea, baizik eta "indartzea, hobetzea, eta egungo errealitatera egokitzea".
Antzera minzatu da Jose Antonio Pastor Bizkaiko PSE-EEko idazkari nagusia. Pastorren iduriko, ETA dagoen bitartean "oinarrizkoa" da PPrekin duten hitzarmena mantentzea. Nolanahi ere, Bizkaiko PSE-EEko idazkari nagusiak adierazi du PPk ituna bere alde erabili izan duela, eta, alde horretatik, "berriro bideratu" beharra dagoela agertu du, eta beste alderdiei "baita EAJri ere" zabaldu behar zaiela.
Baina PSE-EEko buruzagiek ez ezik, PSOEkoek ere erantzun diote jeltzaleek atzo egindako eskaerari. Hala, Jose Blanco PSOEko Antolakuntza idazkariak azaldu du sozialistek "orain arteko eduki berekin" eutsiko diotela hitzarmenari, eta azpimarratu du Espainiako bi alderdi nagusiek (PSOEk eta PPk) egin zutela ituna. Hala ere, beste alderdiei ez zaiela aterik itxi behar gaineratu du. Rojok eta Pastorrek bezala, hitzarmenaren baliagarritasuna nabarmendu du Blancok.
Aberri Egunaren ondorena
"Terrorismoaren kontrako hitzarmena" ez dutela bertan behera utziko erantzun dio PSOEk EAJri
PPrekin hitzartu zuten Askatasunen Aldeko eta Terrorismoaren Aurkako Itunetik "askatzeko" eskatu zion atzo PSOEri Josu Jon Imaz EAJko lehendakariak, jeltzaleen Aberri Eguneko ekitaldi nagusian. Imazek esan zuen "demokraziaren biziberritzea bultzatzeko" sozialistek urrats hori egitea ezinbesteko dela. Baina ez du ematen PSOEk jeltzaleen eskaria aintzat hartuko duenik; aitzitik, hitzarmenarekin aurrera segitzeko eta indartzeko asmoa agertu dute gaur PSE-EEko zein PSOEko buruzagiek. ETAren kontrako tresna ezinbestekoa dela azpimarratu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu