1813ko suntsiketaren ondotik, 79 lekukoren testigantzak bildu zituzten, gertatutakoak jasota gera zitezen. Pablo Antonio Arizpe Gipuzkoako lehen instantziako epailearen txostenean jasota daude guztiak, eta txostena Donostiako Udalaren Artxibategian dute gordea. Lekuko haietatik bi baino ez dira emakumeak, baina beste guztien testigantzetan azaltzen dira andreek jasandako bortizkeriaren adibide gordinak. Hona hemen testigantza horietatik ateratako pasarte gutxi batzuk:
"[...] Eta sumatu zuen ezen, okindegiko anderea, zeinak grazia baitzuen Francisca Bengoetxea, lapurtu, jo eta bortxatu ondorenean ere, segitu zutela, goizaldeko ordu bi eta erdiak zirelarik ere, zigorraz jotzen neskamea, berrogeita bost urteko emakume ezkondua bera, esan zezan non zegoen ezkutaturik diru sekretua; halakorik ez izan, ordea. Eta nabaritu zuen ezen Plazako gainerako etxeetan eta inguruetan aditzen zirela emakumeen aiene errukarriak, negarrak eta intziriak, aldamenekoei laguntza eske, izenez deika, aska zitzaten soldaduen atzaparretatik eta haiek ematen zieten martirio etengabetik: bortxatu, eta berehalaxe jipoitu, eta zauritu, eta hil ere bai batzuk, beren haragikeria basa hura ase eta gero, nola egin baitzuten Ezeiza merkatariarenean neskatila batekin, eta Cardonen etxeko atarian hiru neska gazterekin, zeinak sotora bota zituzten, bortxatu ondorenean, eta hantxe kiskali garrek [...]".
"[...] Ezen, beren nahigabe sakonean, bihotza lazgarriro atsekabetu ziotela gau triste hartan adin guztietako emakume gaixo haien auhen errukarriek, denak ere oihuka: 'Halako, zatoz, Jainkoaren izenean!' eta 'arren, lagundu, ni bortxatzen ari dira eta!'. Eta beste batzuk intzirika: 'Egunez nahiko basakeria egin ez, eta orain haurrak ere bortxatzen ari dira, eta akabatzen gurasoak, uzten ez badiete!'. De facto, 80 eta gehiago aditu zituen fusil tiroak gau hartan, kale batean eta bestean. Eta lekukoak ikusi zuen, arratsalde hartan bertan, bere etxean eta bi lehen geletako batean, eta inor ez seinalatzeko ez du esango zehazki zein gelatan, ezen bi teniente ingeles gainera joan zitzaizkiela, ezpatak eskuan eta zakur amorratuen tankeran, bi andereri, biak ere oso ezagunak hirian, eta indarrez gozatu zutela haietaz [...]".
"[...] Ezen gau hartan guztian aditu zituela ezin konta ahala tiro eta beste sexuko pertsonen intziriak, teilatuetan batera eta bestera, soldaduen atzaparretatik ihesi; izan ere, haiek, lehoi eta tigre gosetien eran eta indiar basatiek bezala, emakume guztien atzetik ari ziren, batere bereizi gabe, izan haur, izan zahar [...]".
"[...] Ezen indarrez eskatu zutela emakume guztiez gozatzea, eta herio mehatxua egin ere bai, men egiten ez bazuten, eta, heriori ihes egiteko, emakume guztiek sufritu behar izan zuten lotsaizun hori, denen aurrean, salan; eta gero emakumeekin lo egin nahi izan zuten, eta hura ere indarrez egin zuten. Azkenik, hainbesterainokoa izan zen gehiegikeria eta basakeria, non portuges batek lekukoa behartu baitzuen ikustera, eskuan kandela bat piztuta zeukala, nola gozatzen zuen luzaz etxeko emakume guztiez eta etxean babesturikoez, jardun lotsagarri eta iraingarri hartan [...]".
"[...] Hogeita hamaikako gau hartan, Hiriko etxe asko sutan zeudelarik, pertsona asko eta asko zebiltzan teilatuetan, batez ere emakumeak, aliatuen jokamolde ankerretik iheska, eta, hain zuzen, teilatuak eta komunak baliatu zituzten soldaduen lizunkeria basari itzurtzeko, haiek, piztien gisan, gainean joaten baitzitzaizkion kale gorrian, zahar izan nahiz gazte izan[...]".
"[...] Ezen, hirurak aldera, lekukoak aditu zituela emakume batzuen oihu eta deiadar izugarriak San Jeronimo kaleko kantoian, eta, eguna argitzean leihora atera, eta neskatxa bat ikusi zuela kantoi horretan barrika bati sokaz lotua, larrubizirik eta odoletan blai, baioneta batek erdiz erdi sartua sortzeko den tokitik, eta zenbait ingeles zeudela haren inguruan, eta horrek guztiak izu-laborriz bete zuela [...]".
"[...] Ezen etxera itzuli zela, non emakume asko zeuden babesturik, eta, hango guztia harrapakatu eta gero, gainean etorri zitzaizkiela, eta gehienak bortxatu zituztela, hirurogei eta sei urteko amona bat ere bai, zeinaz gozatu baitzuten hamabik baino gehiagok; eta deklaratzaileak zortzi duro eman zizkiela zortzi soldaduri, bortizkeria hartatik salbatu nahian hamaika urteko neskatila bat, bere bizilagun baten alaba, eta, nahiz eta orduan salbatu zuen, aurreneko soldaduetako batzuek itzulitakoan bortxatu egin zuten azkenean. Ezen bakana zela irain horretatik salbatzen zen emakumea, komunetan ezkutatu edo teilatuetara igo ezean; ezen neskatxa bat eta haren ama, biak ere lekukoaren bizilagunak, azaldu zirela deklaratzailearen etxean zikinkeriaz lohiturik goitik behera, eta, hala ere, ofizial ingelesek bortxatu zutela neskatxa [...]".
"[...] Ezen hogeita hamaikako gaua izugarria izan zela ezin gehiago, eta ez zela aditzen bortxaturiko emakumeen auhen errukarriak eta etxeetan bertan eginiko tiroak besterik [...]".
(Erredakzioan itzulia)