Tortura

Tiraderaren izkinan gordetako tabua

Torturaren aurkako asteari ekin diote Zizurkilen: igandera bitartean, duela 33 urte Guardia Zibilaren eskuetan hil zen Joxe Arregi herritarra eta, oro har, polizien tortura jasan duten guztiak izango dituzte gogoan.

Arregi, Egaña eta Etxeberria. JON URBE, ARP
Maialen Unanue
2014ko otsailaren 12a
11:40
Entzun

1981eko otsailaren 4an iritsi zen albistea Madrildik: ustezko bi ETAkide atxilotu zituzten. Ez zuten atxilotuen izenen berri eman; bietako bat zaurituta zegoela, besterik ez. Bi egunera jakin zen nor ziren bi lagunak: Isidro Etxabe eta Joxe Arregi. Bederatzi egunez inkomunikatuta egon ostean, Arregiren egoera larria ikusita, guardia zibilek Carabanchelgo espetxeko erietxera (Madril) eraman zuten otsailaren 12an. Bertako funtzionario batek hala esan zuen: "Birrinduta iritsi da". Hala esan zuen Arregik berak: "Oso latza izan da".

Hara iristen diren atxilotu guztiei azterketa medikoa egiten diete sarreran. "Hematoma periorbitalak, eskuineko begian isuriarekin. Hainbat hematoma eskuineko sorbaldan, eta bi hanka eta besoen barruko aldeetan; ubeldura handiak bi ipur-masailetan, bigarren graduko erredurak bi oinazpietan.  Burua nahastuta, arnasa hartu ezinik, sabelaldean min lausoa eta bronkoneumonia, birika bat likidoz beteta". Hori izan zen medikuek Arregiri egindako azterketaren emaitza. Erietxe hartan igaro zuen gaua Arregik, baina biharamunean beste batera eramatea erabaki zuten, erietxe zibil batera. Bidean hil zen, 1981eko otsailaren 13an.

Gertatutakoa nekez ahaztuko dute senideek, lagunek, Zizurkigo (Gipuzkoa) herritarrek. Ordutik, urtero gogoratzen dute otsailaren 13a; aurten, aste osoko egitaraua osatu dute. Atzo, hitzaldia eman zuten Maribi Arregi Joxe Arregien arrebak, Francisco Etxeberria antropologoak eta Iñaki Egaña historialariak, Atxulondo kultur etxean. Arregik hitz egin zuen lehenengo, tinko, tarteka eztarriko korapiloa agerian geratu arren. Txiki geratu zen Atxulondoko aretoa: ehundik gora bildu ziren, eta txalo zaparrada jaso zuen amaieran. Egaña Euskal Memoria Fundazioko lehendakariak azken 60 urteetan torturaren ondorioz hildakoen edota torturak jasan dituztenen inguruan hitz egin zuen; Arregiren kasuan botere publikoek zein hainbat komunikabidek egindako kontakizunaz eta orduko protagonisten ibilbideaz ere jardun zuen. Etxeberriak bere ibilbide profesionalean ezagutu dituen kasuez hitz egin zuen, eta esan tortura oso gutxitan azaleratzen den krimen bakarra dela: "Trantsizioan sartu zuten gaia tiraderan, eta ordutik ezkutuan mantendu dute".

Gaur, 120 horas, tortura contra Euskal Herria dokumentala emango dute, leku berean, 19:30ean. Harkaitz Canoren eta Pili Zabala Joxi Zabalaren arrebaren txanda izango da ostiralean, ordu berean; Twist nobela idatzi zuen Canok Zabalaren eta Joxean Lasaren istorioa oinarri hartuta, eta egilearen nahiz familiaren ikuspuntutik jardungo dute. Igandean egingo dute ekitaldi nagusia, plazan, 13:00ean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.