Titulua dutenen langabezia hazi da EHUn, baina %79k dute lana

2007. urtean EHUn ikasketak amaitutakoek aurrekoek baino lehenago topatu zuten lana; ikasitakoan ari dira beharrean ikasleen %83Aldea badago generoen artean: enplegu tasa eta soldata handiagoak dira gizonezkoetan

Osasun zientzietako tituludunen artean dago enplegu tasa handiena. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2011ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
EHU Euskal Herriko Unibertsitatean 2007an titulua lortutako ikasleen %79,2 lanean ari dira gaur egun. Aurreko promozioko datuekin alderatuta, txikiagoa da zenbakia: enplegu tasa 1,2 puntu jaitsi da. Egindako ikasketekin lotutako lanpostua lortu dutenen kopurua ere apalagoa da: 2007ko titulatuen %87 ari dira ikasitakoan lanean; aurreko promozioan %89 ziren. Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietarako sailburu Gemma Zabaletak eta EHUko errektore Iñaki Zabaletak eman dituzte datuak, eta nabarmendu dute prestakuntza handieneko enpleguek hobeto eusten dietela krisiaren ondorioei. «Ikasteak lan hobea lortzen laguntzen du, baita egungo krisi ekonomikoan ere», dio Goirizelaiak.

2007an titulazioa lortu zuten 5.667 ikasle ohiri egin diete galdeketa. Guztira 7.265 pertsonak amaitu zituzten ikasketak urte hartan; %62 emakumeak dira, eta %38 gizonezkoak. Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuko teknikariek egindako azterketaren arabera, langabezia tasa %14,7koa da tituludun horien artean; 2006ko promozioko ikasleena baino %2,6 handiagoa, beraz. Zabaleta sailburuak argitu du aurreko promozioarekin alderatuta langabeziak gora egin duen arren datuok krisialdi ekonomikoaren testuinguruan ulertu behar direla. Era berean, azaldu du zenbakiek erakusten dutela 2008ko azken hiruhilekotik izaten ari den atzeraldia eta enplegu suntsipena.

Horrez gain, ikasketak amaitu eta lehenengo enplegua aurkitu arteko batez besteko epea murriztu dela azpimarratu du Zabaletak. Epe hori sei hilabetekoa da, aurreko urtean baino bat txikiagoa. Aitzitik, gutxi dira kontratu finkoa lortu dutenak. Beren kontura lan egiten dutenak albo batera utzita, %46k daukate kontratu finkoa; 2006an, %49k zuten.

Lanbide arloari dagokionez, EHUn ikasketak egin zituztenen %87k lortu dute beren maila akademikoari dagokion lanpostua. Zabaletaren ustez, positiboak dira datu horiek: «Krisia gorabehera, tituludunek lana topatzen jarraitzen dute». Alorrez alor, hona enplegu tasa: osasun zientziak (%90), teknikoak (%83), ekonomiko-juridikoak (%80), gizarte arlokoak eta esperimentalak (%76) eta giza zientziak (%68). Osasun arloko eta zientzia teknikoetako ikasleek jasotzen dute batez beste soldata handiena: 1.838 eta 1.621 euro, hurrenez hurren. Zientzia esperimentaletako eta giza zientzietako ikasleek dute, ostera, lansari txikiena.

Desberdintasun nabarmenak

Emakume tituludunen kopurua gizonezkoena baino handiagoa den arren, gizonen enplegu tasa altuagoa da: % 80,4 ari dira lanean —emakumeetan,%78,5—. Aurreko promozioan, emakumeek gizonek baino enplegu tasa altuagoa zuten; aldaketa horren arrazoi gisa, bi arrazoi aipatu ditu sailburuak: jarduera ekonomikoko sektoreetan dagoen banaketa desberdina eta industriaren sektoreak hoberako izan duen bilakaera.

Soldatetan ere alde nabarmena dago bi generoen artean: gizonezkoek, batez beste, 1.583 euroko lan sari gordina jasotzen dute; andrazkoek, ordea, 1.453 eurokoa. Emakumeek soldata eta lan baldintza kaskarragoak jasan behar izatea gaitzetsi du Zabaletak. «Gero eta emakume gehiago badaude ere, soldata eskasagoak dituzte oraindik, eta lan merkatura sartzen direnean gizonek baino botere gutxiago dute».

Ikasleek unibertsitatearen inguruan egindako balorazio orokorra baikorra izan dela adierazi du Goirizelaiak, eta pozik agertu da horregatik. Nolanahi ere, gaineratu du badirela hobetu beharreko arloak, hala nola enpresetan eta unibertsitatean egiten diren praktikak. Jose Manuel De la Senek ere, EHUko Gizarte Kontseiluko presidenteak, arlo horretan kokatu ditu hobetu beharreko alderdiak. Hori dela eta, esan du elkarrekin lan egin behar dutela gizarteak, enpresek eta unibertsitateak, hartara tituludunek lan mundurako bidea azkar, erraz eta zuzenean egiteko.

Hobetu beharreko beste puntu bat atzerriko hizkuntzei dagokiena da, ikasleek adierazi dutenez. Gizarte Kontseiluko bideak esan du hizkuntzak funtsezko direla lan munduan aurrera egiteko, eta iragarri du hobetzen saiatuko direla. Ikasleek baloratutako alderdien artean, berriz, irakasleen prestakuntza eta unibertsitateko azpiegiturak daude.

Langabezia handituta enplegua lanbide kategoria guztietan galtzen bada ere, Zabaletak zehaztu du eragin gutxiago duela horrek prestakuntza goreneko jardueretan. Hala, nabarmendu du heziketa ezinbestekoa dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.