Irrati goiza zen atzokoa Hego Euskal Herriko etxe askotan. Ume ahots eta zenbaki zerrendak, Espainiako Loteriako Gabonetako zozketan. Goizeko hamaikak aldera, Eibarko 3. administrazioko telefonoak jo zuen, eta salmahaiaren atzean Edurne Letek hartu zuen deia. «Zorionak, sari nagusia saldu duzue», irrati kate bateko ahotsa. Langileak, zur eta lur, ez zekien ezer; webgune ofizialak argitu zion zalantza. «Irratian ari nintzen zozketa entzuten, eta zenbaki asko buruan nituen. Gureak banekizkien, baina sarituaren sail bakarra geneukanez, ez nintzen ohartu», azaldu zuen ordu pare bat geroago Letek berak. Ordurako, xanpain botilak irekiak zituzten, eta saltzailea hunkituta ageri zen, plastikozko basoa eskutan eta malkoei kostata eutsiz. «Normala da hunkituta egotea. Ezusteko ikaragarria izan da, hain zaila da... Niri ez zait ezer tokatu, baina oso zoriontsu naiz».
Administrazioak hogei urtetik gora daramatza irekita, eta herriaren erdi-erdian dago, Fermin Kalbeton kalean, Untzaga plazatik berrogeita hamar metro eskasera. Edurne Letek eta Antonio Morenok kudeatzen dute, baina jabea Iñaki Bolinaga da, Arrate eskubaloi taldeko presidente ohia. Bulegoa txikia da, oso, eta atzo bere historiako ordu zalapartatsuenak izan ziren bertan.
Saria jakinarazi eta ordu erdi baino gutxiagora han zen kazetari samalda. Telebista kazetarien unitate mugikorrek Untzaga plazan utzi zituzten kamioiak, eta ez zen liskarrik falta izan asteroko azokako saltzaileekin. Irrati esatariak, kamerak, argazkilariak... mundu bat. Miguel de los Toyos alkatea ere joan zen langileak zoriontzera. Hark ukatu zuen lehen zurrumurrua; ez zitzaion tokatu. Letek ere ez zuen garbi zeintzuk ziren sarituak. «Egia esan, ez dakit zeintzuk izan daitezkeen. Erdi-erdian egonda, hemendik jende asko pasatzen da. Oso banatuta dago». Zenbakia ez da finkoa, eta hamar dezimoak kasualitatez iritsi ziren Eibarrera.
Administrazio aurreko jendetza puztuz joan zen, eta ordubetera, kuxkuxeroek kalea bete zuten. Adarjotze franko ere bai, eta galdera, beti berdina: «Tokatu al zaizu?»,«eta zuri?». Gai bakarra inguruko denda eta tabernetan, ulertzekoa zen, 3 milioi euro solte dabiltza Eibarren, eta ez zen sariturik agertu. Milioien zelatan gizon dotore bat zain administrazioen atean, bakarrik, isilik, beroki ilunarekin. «Hori bankuko langilea da», eibartar baten konfesioa. Sinesten erraza.
Dirua beti da solasgai mamitsua, eta herritarren irudimena, geldiezina. Askok berdina zioten, emakume adindu batek erosi omen zuen dezimoetako bat. «Niri tokatu izan balitzait, ez nintzateke etorriko, dagoeneko mozkor eginda nengoke», kale bereko elikagai denda txiki bateko langileak esana. Pozik zegoen, zalapartari esker normalean baino gehiago saldu omen zuen. Beste loteria bat da.
Arratsaldean, administrazioa ireki zuten, «lanean jarraitu behar da», zioen Morenok, Eibarrera aspaldian bildutako Extremadurako semeak. Era berean, nolabait, bakea egin zuen patuarekin. Atzokoa ez zen kazetariak administraziora agertu ziren lehen aldia, 1988an egin baitzen ezagun. Debabarrenean egon ziren uholde larrietan, gerora saritua izan zen sail oso bat lokatzez zikindu eta bueltatu egin zuten. Ez zen Gabonetako loteria, baina bai dirutza. «22an bukatzen zen», oroitu zen Lete xanpainari tragoxka bat emanez. Justizia poetikoa da.
«Tokatu al zaizu?»
Eibarko erdi aldeko kaleak hankaz gora jarri ditu Gabonetako loteriako sari nagusiak, kazetariak, kuxkuxeroak eta espioi itxurako banketxeko langileren bat edo beste joan dira administraziora, baina sariturik ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu