POLITIKA

Tokiko administrazioen erreformaren aurka, elkarlana proposatu du Amaiurrek

Ohartarazi du PPk, erreformaren bidez, udalak ia eskumenik gabe utzi nahi dituela, udalen gaineko erabakiak Espainiako Gobernuaren esku utzi nahi dituela. Lankidetza proposatu die koalizioak Euskal Herriko alderdi politikoei. [Youtube]http://youtu.be/252JD9XJMAs[/Youtube]

Aitziber Laskibar Lizarribar.
2013ko martxoaren 5a
14:04
Entzun

Amaiurren ustez, Espainiako Estatua “birzentralizatzeko” urratsa da PPk tokiko administrazioetan egin nahi duen erreforma. Helburua udal instituzioei indarra kentzea dela dio. Udalek dituzten eskumenak “lapurtu” nahi dituztela, eta herritarrengandik gertuen dauden instituzioak herritarrengandik urrundu.

Frankismo eta trantsizio garaietara itzulita udalak “ia-ia eskumenik gabe” utzi nahi dituztela salatu dute Onintza Enbeita, Xabier Mikel Errekondo eta Iker Urbina diputatuek. “Erreforma honek onartuko duena da Madrilek zuzenean kontrolatu ahal izatea udal zein herri erakundeen lana”. Izan ere, Espainiako Gobernuak udalen kudeatzaileak ezartzea proposatzen du.

Saio horri aurre egitea ezinbestekotzat du Amaiurrek, eta, beraz, gaia aztertu eta elkarlanean aritzeko proposatu die euskal indar politiko guztiei. “Erantzun bateratu eta sendoa” eman nahi dio PPren proposamenari.

EAJ, PSN, PSE-EE eta Geroa Bai erreformaren aurka azaldu direla gogoratu du koalizioak. UPN abstenitu egin dela. Hortaz, horiei bereziki baina oro har euskal indar politiko guztiei, elkarrizketarako deia egin die: “Elkar ulertzera irits gaitezke”.

Amaiurrek berak osoko zuzenketa aurkeztuko dio erreformari, eta zatikako emendakina ere bai. Zatikakoari behin-behineko xedapena gehituta, Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroan ez dadila erreforma egikaritu proposatuko du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.