Tokiko erakundeen kontra jarriko da goi tentsioko linea, jartzekotan, udalek diotenez

Gipuzkoa eta Nafarroa arteko linearen aurka mozioak onartu dituzte 171 udal eta kontzejuk eta 400 hautetsik

Goi tentsioko egitasmoaren kontrako sinadura emate ekitaldia, atzo, Berriozarren. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
mikel p ansa
2011ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Nafarroa eta Gipuzkoa artean Red Electrica de España SAk egin asmo duen goi tentsioko linearen aurka agertu dira proiektuak eragindako udalerri ia guztiak. 170 udal eta kontzejuk onartu dute proiektu horren kontrako mozioa, bi hilabete eskasean onartu ere. Horiekin batera, 400 hautetsik sinatu dute goi tentsioko linearen aurka. Horrenbestez, Gipuzkoa eta Nafarroa arteko linea eraiki nahi bada, tokiko erakundeen eta hautetsien borondatearen kontra «inposatu» beharko da, Alberto Frias Autopista Elektrikorik Ez plataformako kidearen hitzetan.

Atzo ekitaldia antolatu zuen plataformak Berriozarren (Nafarroa). Goi tentsioko linearen aurka mozioak onartu dituzten udal eta kontzejuetako hautetsiak bildu ziren, aretoa betetzeraino, eta agiri bat sinatu zuten. «Pilota orain sustatzaileen teilatuan dago; aurrera egiten badu, tokiko erakundeetako hautetsiei inposatuta izango da», zehaztu du Friasek. Izan ere, agiri hori hartu eta Espainiako Gobernura joko dute orain, proiektua bertan behera utz dezala eskatzeko. Eskaera bera egingo diote Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari, eta baita Gipuzkoako Foru Aldundiari ere; nahiz eta erabakimenik ez izan gaiari buruz, plataformako kideek eta sinatzaileek uste dute erakunde horiek ere badutela zer esana goi tentsioko lineari buruz.

Friasek nabarmendu du proiektuaren aurka «alderdi politiko guztien» eragileak batu direla, proiektua «ezkutuan» garatu dela, eta bi hilabete eskasean mozioak zabalpen «arrakastatsua» izan duela. Kontent agertu da, baina uste du oraindik 200 bat tokiko erakundek eta 600 edo 700 bat hautetsik onartuko dutela linearen kontrako agiria; urtarriletik aurrera, gainera, proiektuak ukitzen ez dituen udalerrietan «elkartasunezko mozioak» eztabaidatzen hasiko dira.

Castejon eta Gasteiz arteko goi tentsioko linea bertan behera utzi zuten iaz, ingurumen eraginarengatik, baita sortu zen «gizarte oposizioarengatik» ere. Friasek nabarmendu du orduan baino udal eta hautetsi gehiago jarri direla oposizioan orain, eta denbora gutxiagoan. Eta ondorioztatu du proiektuaren sustatzaileek hori ere aintzat hartu beharko dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.