EKTren akziodunen batzarra

Tokiko telebisten artean euskarazkoei behar duten lekua egitea izango da aurten EKT-ren erronka nagusienetako bat

Berria eta Hitza-k argitaratzen dituen Euskarazko Komunikazio Taldeak (EKT) ohiko akziodunen batzarra egin du gaur. Aurtengo balantzea egiteaz gainera, aurrera begirako erronken berri jaso dute akziodunek. Horien artean garrantzitsuenetakoa tokiko telebista digitalen esparruan egingo den lana. Euskarazko ikus-entzunezkoei leku garrantzitsua ziurtatzeko urratsak emango dira. Administrazio Kontseiluko bi kideren aldaketen berri ere eman dute. Adolfo Arejitaren eta Patxi Nobliaren ordez, Mertxe Petralanda eta Maixan Merkapide izango dira kideak.

2006ko ekainaren 10a
18:23
Entzun
Ikus-entzunezko esparruan, eta bereziki tokiko telebista digitalaren legearen inguruan esku-hartzeko iaz hainbat urrats eman ziren, eta horien berri izan dute gaur akziodunek, Andoaingo Martin Ugalde Kultur parkean egin den ohiko batzarrean.Are gehiago, aurten tokiko telebista digitalen munduan euskarazkoak sendo sartzeko helburuarekin, hainbat urrats emango dituztela iragarri dute.

Baina ez da akziodunen batzarrean gai bakarra izan. Administrazio Kontseiluko kide berriak ere aurkeztu dituzte. Adolfo Arejitaren eta Patxi Nobliaren ordez, Mertxe Petralanda eta Maixan Merkapide izango dira kontseiluko kideak. Herrialdeak kontuan hartuz egin dituzte aldaketok. Bizkaitarra da Petralanda, eta Merkapide, berriz, Nafarroa Beherekoa.

Aurtengo diru kontuak ere izan dira hizpide. Ekonomikoki ez zen aurrekoak bezain ona izan. Diru sarrerak behar adina hazi ez izana da horren arrazoia. Diru-laguntzak handitu beharraz ohartarazi dute proiektuari sendo eusteko. Baina kanpoko laguntzarekin batera, barruan ere bideak jarri dira egunkarien salmentak igotzeko eta publizitatean hazteko. Hitza-k aurten ekonomikoki bideragarriak izaten ere saiatuko dira. Kanpora zerbitzu eskaintzak eta promozioak ere gehitu nahi dituzte.

Baina hazkunde ekonomikoak duen garrantzia ahaztu gabe, irakurle gehiago erakartzeko urratsek ere izan dute lekua batzarrean. Berria-ren diseinu eta estilo aldaketa horri erantzutera dator, eta Martxelo Otamendi zuzendariak aldaketa horren arrazoiak azaldu ditu. "Berria sortu zen bezala sortu zen", presaka, Egunkaria itxi eta lehenbailehen kalean izatearren.Pixkanaka hobekuntzak egiten joan dira, baina urrats bat eman beharra zegoen, Otamendiren ustez, "gainerako komunikabideekin lehiatzeko". Kazetaritza eredu berriak lantzeko aukera ematen du diseinu berriak, "albisteen azpian dagoen errealitatea aztertzea da helburua, eta berezko informazioa lantzea".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.