Jon Anza kolektiboak jakinarazi du 2012ko apirilaren 4an Tolosako (Okzitania, Frantzia) Dei Gorteko Ganberako presidenteak deliberatu zuela ez dituela aztertuko Jon Anzaren familiak egin dizkion helegiteak. Ondorioz, familiak egindako galderak erantzunik gabe gelditu dira. 2012ko martxoaren 26an, hilabete luzeetan inolako berririk ukan gabe, Anza familiak jakin zuen Tolosako instrukzio epaileak berak egindako bi eskaera garrantzitsuenak ezeztatu zituela, alegia, Tolosako prokuradorea galdekatzea eta mediku txostena komunikatzea.
Anza 2009ko apirilaren 18an desagertu zen Tolosarako trena hartu ondoren. Hiru urteren buruan, nahiz eta abian den instrukzioa, familiak ez du neholako erantzunik jaso, eta orduan egin zituen galderak erantzun gabe daude oraindik. Jon Anza kolektiboaren iritziz, jokabide hori onartezina da, eta familiarekiko erdeinu osoa adierazten du. Horregatik, Anzaren familiarekin eta abokatuekin batera, prentsa agerraldia eginen dute apirilaren 18an aipatu elementuetan sakontzeko.
Kolektiboaren arabera, funtsezkoak dira prokuradorearen galdeketa eta Anzaren osasun txostena. Lehenik, argitzeko prozeduran egindako hutsegite zerrenda luzea, eta, bigarrenik, Anzaren heriotza eragin zuen testuingurua eta elementuak argitu ahal izateko. Osasun txostenak bide emango luke Anzaren heriotza eragin zuten arrazoiak ikertzeko.
Duela hiru urte familiak eta Askatasunak pausatu zituzten galdera gehienak erantzunik gabe daude oraindik. Desagertu eta abantzu urtebetera jakinarazi zuten «Anzarena zitekeen» gorpu bat zegoela Tolosako gorputegian. 2010eko martxoaren 15ean autopsia egin zioten Anzaren gorpuari, familiaren konfiantzazko sendagilea bertan izan gabe. Geroan ere ez zuten onartu familiaren konfiantzazko sendagileak bertze autopsia bat egitea. Bertze kasu batzuetan, zendutako euskal presoen kasuetan, presente egotea onartu zuten epaileek.
Inkesta
Familiak desagertzea salatu zuenetik, Anne Kayanakis Baionako prokuradoreak hartu zuen inkestaren ardura. 2010eko martxoaren 12an baieztatu zuen Tolosako Purpan erietxean abantzu urtebetez identifikatu gabe zegoen gorpua Anzarena zela. Hainbat datu argitaratu ziren orduan, hala nola Tolosako osasun zerbitzuek 2009ko apirilaren 30ean atzeman zutela Anza bizirik.
Tolosako ibilbide jendetsu batean atzeman zuten, eta erietxera eraman. Erietxeko zuzendaritzak osasun egoera txarrean zegoen ezezagun bat zuela jakinarazi zien Poliziari eta Tolosako prokuradoreari. Aldean zeramatzan Baiona-Tolosa tren txartelak, eta buruan egindako ebakuntzaren orbaina agerian ukan arren, ez zuten argitu nor zen.
2009ko maiatzaren 4an, Anzaren pasaportea galdutako objektuen bulegoan utzi zuen norbaitek. Ez da argitu oraindik nork utzi zuen, ez noiz eta nola atzeman zuen haren pasaportea. Maiatzaren 7an, Anzaren osasunak txarrera egin zuen, eta erietxeko arduradunak berriz ere harremanetan sartu ziren Poliziarekin eta prokuradorearekin. Maiatzaren 11n zendu zen Anza. Sendagile batek bete zuen agiria, eta, geroan ikerketak egiteko asmoz, gorputegian atxikitzea agindu zuen. Alta, gorpuari ez zioten autopsiarik egin; Purpango gorputegian atxiki zuten, lau graduko tenperaturan.
Bi noranzkotan doaz familiaren galderak. Batetik, egiaztatzea Anza egiazki heldu ote zen Tolosara 2009ko apirilaren 18an eta zer gertatu zen trenputxarturik baina bizirik agertu arte Hippoppotamus ostatuaren aitzinean, martxoaren 30ean. Bigarren galdera erietxean emandako artei dagokie, alegia, hartu zutelarik nolako osasun egoeran zegoen, nolako tratamendua eman zioten eta zergatik, nolako komunikazioa egon zen erietxe barnean zein erietxearen eta Poliziaren artean.
Preseski, azken atal horretako elementu ugari argitu daitezke osasun txostenarekin. Elementu horiek eskuan izan gabe, nekez egin daitezke galdera egokiak, eta argitu beharreko elementuak gorderik mantentzen dira.
Gerra zikina
Anzaren familiak, Askatasunak, ezker abertzaleak eta Frantziako giza eskubideen aldeko hainbat erakundek gerra zikinaren susmoa salatu izan dute orain artean. Susmo horiek deuseztatzeko elementurik ez dute oraindik aurkeztu, ez Kayanakis Baionako prokuradoreak, ez Anzari autopsia egin ondoren inkestaren ardura hartu zuen Tolosako prokuradoreak. Kayanakisek 2010eko martxoaren 19an jakinarazi zuen inkestaren segida Tolosako prokuradorearen esku uzten zuela.
Askatasunak eta Frantziako giza eskubideen aldeko elkarteek Michele Alliot Marie orduko Barne ministroa galdekatzeko eskatu zuen. Anza afera Tolosako auzitegiaren esku gelditu zen unetik, ordea, ez da argitasunik egin, ez Anzaren desagertzearen inguruan, ez heriotza eragin zuten elementuen inguruan.
Tolosako Dei Gorteak ez ditu aztertuko Anzaren familiak egin dizkion eskariak
Ondorioz, ez du galdekatuko Tolosako prokuradorea, eta ez dio familiari helaraziko mediku txostena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu