Tolosan andre bat hiltzeaz akusatutakoa Martutenen kartzelatu dute

Urruntze aginduak urratu dituzten bi gizon eta mehatxuka aritu den beste bat preso hartu dituzte ertzainek

Erredakzioa
Donostia
2012ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Epaileak erabakita, Martuteneko kartzelan sartu dute Tolosan (Gipuzkoa) andre bat hiltzeaz akusatutako 26 urteko gizona. Astelehenean aurkitu zuten emakumea, hilik, bere etxean; 39 urte zituen, eta ume bat zuen. Lepoan ebaki bat zuen andreak, eta ertzainek atzeman zutenerako hila zen. Emakumearen bikotekide ohiak eman zien abisua ertzainei. Andrea hilik aurkitu zuten gelan labanak ere bazirela azaldu zuen Ertzaintzak. Polizia etxean zen bitartean agertu zen andrearen ustezko hiltzailea, eta ertzainei adierazi zien berak hil zuela emakumea. Besoan zauriak zituen akusatuak, eta Tolosako klinikan artatu zuten; handik polizia etxera eraman zuten, eta herenegun deklaratu zuen epailearen aurrean. Epaiketa egin bitartean, kartzelan egon beharko duela agindu du epaileak. Akusatuak 26 urte ditu, eta lehendik ere bazituen beste salaketa batzuk; duela hiru urte, garai hartako bikotekideak salatu zuen, genero indarkeriagatik.

Asteartean, bestalde, bikotekide ohiengandik urruntzeko aginduak zituzten bi gizonezko atxilotu zituzten ertzainek, biak Gipuzkoan: bat Tolosan, eta bestea Getarian. Genero indarkeriaren biktimen zaintza egiten ari ziren ertzainak ohartu ziren, bi kasuetan, gizonak emakumeengana gerturatzen saiatu zirela, eta preso hartu zituzten, Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez.

Pistolarekin mehatxu

Bilbon, gainera, beste gizon bat atxilotu zuten ertzainek asteartean. Emakume batek salatu zuen bikotekide ohiak mehatxu egin ziola hil egingo zuela. Pistola batekin egin zion mehatxu, andrearen hitzetan. Bolueta auzoan gertatu zen. Gizona emakumearen etxean agertu zen, eta emakumeak sartzen utzi zion. Behin etxe barruan, gizonak ileetatik heldu eta arrastaka ibili zuela eta pistola batekin hiltzeko mehatxua egin ziola salatu du andreak. Ordenagailu bat hartuta gizonak alde egin zuela azaldu du emakumeak. Ertzainei salaketa aurkeztu zien andreak, eta gizona bere etxean atxilotu zuten ertzainek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.