Jaurlaritzako Gizarte gaietarako sailburu Angel Toñak aitortu du denborarekin erori egingo dela Ondarroako (Bizkaia) Kamiñalde alboko mendi hegala, baina ez dakitela noiz eta nola. Dena den, auzokoak lasaitu nahi izan ditu sailburuak, nabarmenduz ez dagoela arriskurik luiziak etxeak suntsitzeko. "Neurriak hartzen ari gara mendi hegala apurka eror dadin, eta ez dena batera; era horretan, etxebizitzek bere horretan jarraituko dute".
Orotara 180 dira beren etxetik atera behar izan duten familiak. Jaurlaritzak iragarri du hainbat hilabetez egon beharko dutela gehienek etxetik kanpo eta haiei aterpe emateko laguntza eskatu die Ondarroako herritarrei. Bere aldetik, Alokabide programako hainbat etxebizitza prestatu dituzte instituzioek aterpe gisara, baina iragarri dute ez direla aski izango.
Kamiñalde kalearen gaineko mendia mugitzen ari da oraindik. 24 orduan bederatzi zentimetroko erritmoan ari da mugitzen, udal iturrien arabera, eta mugimendua egonkortu egin da; ez da ez bizkortu ez geldotu. Gaur, hegalaren inguruko zuhaitzak eta sastrakak kenduko dituzte, pisua arintzeko.
Joan den asteartean hasi zen mendia erortzen; geroztik, ordea, luizi gehiago izan dira, eta udalak larrialdi egoera ezartzea erabaki du. Bestalde, Zunbeltz Bedialauneta Ondarroako alkateak zehaztu du ez duela etxebizitzak egin baino lehenagoko txosten teknikoen berririk. Izan ere, zenbait iturriren arabera, baziren txostenak luizien arriskuaz ohartarazten zutenak.