Topa egin dute BERRIAren alde

Arrate Illaro, Odei Barroso eta Beñat Gaztelumendi aritu dira bertsotan, eta arratsean, berriz, Gose, Petti, Napoka Iria eta Morau kantuan. Goi BERRIAk bere urtebetetze festa izan du gaur, 10. urtemuga dela eta. Atzo bete ziren hamar urte lehen egunkaria kalera atera zela. Bideoa: arratsaldeko giroa. [Berriatb]http://www.berria.info/berriatb/1828/[/Berriatb]

2013ko ekainaren 22a
06:14
Entzun

Goizean goizetik nagusitzen ari da jai giroa gaur, Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean. Irrien Lagunek Kanta eta dantza ikuskizuna eskaini dute, 11:00etan hasita. Ordu horretan bertan, BERRIAren egoitza barrutik ezagutzeko aukera izan dute Martin Ugalde kultur parkera bertaratu direnek, erredakzioan bisita eginda.

Sagardo dastatzeari ekin diote eguerdian, eta bertsolariak izan dira kantari: Arrate Illaro, Odei Barroso eta Beñat Gaztelumendi. Euskalgintza, politika eta beste sektore batzuetako jendea bildu da Andoainen; besteak beste, Oskar Matute Alternatibako koordinatzailea, Ikerne Badiola Gipuzkoako Kultura diputatua, Iñaki Murua Bertsozale Elkarteko presidentea, Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusia, Maren Belastegi Uemako lehendakaria, Larraitz Ugarte Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramailea, Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritako Hizkuntza Politikarako sailburuordea, Estitxu Eizagirre Argiako zuzendari izango dena, Mikel Irizar Tokikomeko lehendakaria, Rober Gutierrez Bai Euskarari ziurtagiriko zuzendaria eta Ana Karrere Andoaingo alkatea.

Eguneko ekitaldi nagusia eguerdian izan da, 13:30ean. Iban Arregi BERRIA Taldeko kontseilari ordezkariak eta Beatriz Zabalondo BERRIA Taldeko lehendakariak hitz egin dute bertan, eta kazetaren langile, kolaboratzaile, BERRIAlagun eta abarrak omendu dituzte.

Gainontzean, jan-edanerako eskaintza handia izaten ari da. Txosnak, ogitartekoak eta pintxoak egongo dira egun osoan. Arratsaldean, musikak hartu du parkea. 16:00etan, Napoka Iria, Petti eta Morauk jo dute, eta 18:00etan, Goseren trikiti eta elektronika doinuek giroa berotu dute.

Atzo bete ziren hamar urte

Egun osoko festa bat izango da, egun batez, berriazaleak eta, oro har, euskaltzaleak festa giroan bildu nahi dituena. Apirilaren 12an abiatutako ospakizun bira biribiltzeko modu bat izango da. 11:00etan hasiko da, Martin Ugalde Kultur Parkean.

BERRIA egunkaria 2003ko ekainaren 21ean jaio zen. Egun horretan argitaratu zen lehen alea, eta martxan jarri zen haren webgunea. Euskaldunon Egunkaria itxi eta lau hilabete beranduago. Lau hilabeteetan eraiki zen euskarazko komunikazio proiektu berria, milaka herritarren sostenguari esker, eta Egunkariako langileen ekimenak bultzatuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.