Duela 10 urte sortu zen Topagunea Euskara Elkarteen Federazioa, eta urteurren hori ospatzeko ekitaldia egingo dute gaur arratsean Durangon (Bizkaia), Plateruena Kafe Antzokian. 07:30etan hasiko da, eta aurkezpena Kike Amonarrizek egingo du. Iñaki Arrutik Topagunearen sorrerako garaiak gogoratuko ditu eta Karmen Irizar Topaguneko egungo lehendakariak federazioak etorkizunerako dituen erronken berri emango du. Ekitaldi labur honetan Kristina Mardaras bertsolariak ere parte hartuko du eta baita jazz laukote batek ere.
Lagunarteko ekitaldia izango da ostegunekoa, euskara elkarte, gizarte mugimendu eta euskara elkarteen inguruko bestelako erakundeetako lagunei zuzendua. Lagunarte goxoan, lagun eta kidez inguraturik ospatu nahi da urteurrena. Ekitaldi honekin emango zaio hasiera gainera, 2007 urtean zehar Topaguneak ospatu asmo dituen ospakizun-ekitaldiei. Hurrengo ekitaldi publikoa ekainaren 16an egingo da Bilboko kaleetan, Zazpi kale kultur topagunea izenarekin. Azkenik, azaroan Donostian egingo diren jardunaldiekin amaituko dira 2007 urterako Topaguneak prestatu dituen urteurreneko ekitaldi bereziak.
Topagunea Euskara Elkarteen Federazioa Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 90 Euskara Elkartek osatzen dute. Elkarteon zein Federazioaren beraren helburua euskararen erabilera sustatzea da. Horretarako, hainbat esparru lantzen dituzte, hala nola haur eta gazteen aisialdia, kulturgintza, tokiko hedabideak, mintzapraktika, entitateak euskalduntzea, sentiberatzea…
Topaguneak 10. urteurrena ospatuko du gaur Durangon
Jaio giroko ekitaldia egingo du Euskara Elkarteen Federazioak Plateruena Kafe Antzokian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu