euskara

Topaguneak salatu du Abadiñoko alkateak egoitza utzarazi diola

Euskara Elkarteen Federazioak urtarriletik aurrera Durangon izango du lantokia. "Alkatearen jazarpen baten biktima izan gara".

2012ko abenduaren 22a
17:17
Entzun

Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak urtarriletik aurrera Durangon izango du egoitza, ez Abadiñon, horko Jose Luis Navarro (Abadiñoko Independenteak) alkatearen jokabideagatik, elkarteak gutun baten bidez jakinarazi duenez. "Abadiñoko alkateak zuzendutako jazarpen baten biktima izan gara".

Topaguneak 2001etik izan du egoitza han, baina aurtengo udaberrian auzokide batek "ustezko" salaketa batzuk sartu zituen, eta "alkateak jazarpen onartezina egin dio herrian 20 lanpostu eta jarduera ekonomikoa ekarri dion erakunde honi". Topaguneak esan du oraindik ez duela salaketa horien kopiarik jaso.

Euskara elkarteen federazioak dio urriaren 25ean lanean ari ziren bere langileak bulegotik ateratzeko agindua eman ziola Udaltzaingoari alkateak, edota joan den astelehenean egoitza uzteko hamar eguneko epea eman ziela. Gainera, azken bi hilabeteetan bulegoko sarrerako atea birritan aurkitu du elkarteak "saboteatuta, zotz eta pegamentuz izorratuta". 

"Abadiñoko alkateak (eta ez Abadiñoko herritarrek) bere herrian 20 lanpostu dituen enpresa baten lana oztopatu nahi duela ikusita, bagoaz. Azken hilabeteetan jasan dugun presio eta jazarpen guztiz gaitzesgarri hau ahaztu nahian, bagoaz. Zorionez, Durangoko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzari esker, badugu nora joan eta, beraz, 2013ko urtarriletik aurrera, Topagunearen jarduera Durangon garatu ahal izango dugu".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.