komunikabideak

Topaguneko tokiko hedabideek Tokikom enpresa sortu dute, etorkizuna elkarlanean diseinatzeko

Enpresaren helburuak dira "barne kohesioa" lantzea eta Euskal Herrian "zirriborratzen hasi den euskal hedabideen arteko elkarlana" erraztea.

2012ko martxoaren 17a
19:23
Entzun

Topagunea Euskara Elkarteen Federazioko bazkide diren 19 hedabidek eta Topaguneak Tokikom enpresa sortu dute gaur, Eskoriatzako HUHEZI fakultatean (Gipuzkoa) egin duten batzarrean. 2009an hasitako bideari jarraituz, enpresa berria tokiko hedabideen etorkizuna elkarlanean diseinatzeko tresna izango da.

"Garai zailak dira hedabide guztiontzat, eta aurrera egitekotan ezinbestekoa da azkar mugitzea", azaldu dute prentsa ohar baten bitartez. Egoera horri erantzuna emateko tresna gisa sortu dute, eta hiru izango dira bere eginkizun nagusiak. 1. Esparru komunak eraikitzea eta kudeatzea: publizitatea, ekoizpena, teknologia, trebakuntza, barne komunikazioa. 2. Solaskidetza sendoa lortzea euskarazko hedabideen sektorearekin eta erakundeen aurrean. 3. Toki hedabideen integrazio posiblearen diseinua proposatzea eta horren inguruan adostasuna eraikitzea.

"Barne kohesioa" lantzeaz gain, Euskal Herri mailan "zirriborratzen hasi den euskal hedabideen arteko elkarlana" ere erraztu nahi du Tokikom enpresak. 

Gainera, Tokikom-ek zerbitzu mailako eginkizun zehatzak izango ditu: publizitate komunaren kudeaketa, tokiko hedabideentzako plataforma digital bateratua… Horretarako, enpresa berriak baliabide propioak izango ditu, eta horiez gain, bazkideek metatutako jakintza eta azpiegiturak ere baliatuko ditu.

Gainera, enpresak gogoeta prozesua ere abiatu nahi du, honako galderatik abiatuta: Zer nolako egitura komunikatiboa behar du euskal hiztun komunitateak mundu globalean komunitate gisa bizirauteko?

"Ez da galdera erraza, eta horregatik, aliatuak ere bilatzen ari da erantzuna bilatzen laguntzeko", azaldu dute enpresatik. Galdera horren inguruko jardunaldiak izango dira ekainean, HUHEZIrekin elkarlanean. Behin emaitzak bilduta, enpresak udazkenean abiatuko du tokiko hedabideen esparrua berrantolatzeko lana, bazkideekin batera integrazio ibilbide ezberdinak landuz.

Momentuz 19 hedabide daude Tokikom-en, baina asmoa da Topaguneko gainerako hedabideek ere ekimenarekin bat egitea, baita Topagunetik kanpo dauden euskarazko beste hedabideek ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.