Tortura

Torrealdai: "Barrutik hautsi ninduten, eta mina minbizi bihurtu da"

Euskaldunon Egunkaria-ren aurkako polizia operazioan jasandako torturen berri eman du Euskadi Irratian. Sufritutako min hori gaur egun jasaten duen minbiziarekin lotu du.

Joan Mari Torrealdai. BOB EDME
2015eko apirilaren 14a
13:51
Entzun

Baionan torturari buruzko jardunaldietako azken mahai inguruan esan zuen asteburuan, eta, gaur, Euskadi Irratietako mikrofonoen aurrean berretsi du: 2003an jasandako torturek "barrutik hautsi" egin zutela, eta orduan hasitako mina minbizi bihurtu zaiola. Hain zuzen, hezur-muineko minbizia du; bizi izandakoari egotzi dio, eta erantsi du bere sendagileak ere bat datozela. "Banekien barrua hautsia nuela", adierazi du Maite Artolak egin dion elkarrizketan.

Joan Mari Torrealdai idazle, euskaltzain, soziologo eta Jakin aldizkariko zuzendari ohiak Euskadi Irratian bertan aitortu zuen lehedabizikoz, Egunkaria-ren itxiaren bosgarren urteurrenean, "tortura" jasan zuela. "Hasieran ezkutatu egin nuen, nire bizi profesionala eta familiarra berreskuratu nahi nituelako". Torrealdairen arabera, orain arte tortura ez da "bere gaia" izan plaza publikoan.

Baina minbizia bigarren fasean sartu denean, eta Baionako nazioarteko biltzarraren eskaerari erantzunez, urteetan bizi izandako sufrimendua eta hark utzitako arrastoak publiko egitea erabaki du orain. "Beste askok ez duten plataforma dut nik. Egiari zor eta sufritzen ari den jende askori zor erabaki dut azaltzea".

Minbiziari "bizi minarekin" aurre egingo diola iragarri du Torrealdaik: "Maratoilaria izan naiz, eta, orduan bezala, jarraituko dut aurrera". 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.