Guardia Zibilaren eskuetan inkomunikatuta eman dituzten egunetan torturatu egin dituztela salatu dute Aitor Esnaolak eta Lander Etxeberriak. ETAko kide izatea leporatuta, biak espetxeratzeko agindu zuen larunbatean Fernando Grande-Marlaskak, Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak. Aitor Esnaola astearte gauean atxilotu zuten, Legorretan. Haren anaia Igor Esnaola ere atxilotu zuten, eta, hiru egunez inkomunikatuta eduki ostean, aske utzi zuten. Lander Etxeberria, berriz, ostegunean atxilotu zuten, Beran.
Epaileak inkomunikazioa kendu ondoren, euren abokatuekin egoteko aukera izan dute Esnaolak eta Etxeberriak, eta haiek eginiko kontakizunen berri zabaldu du Amnistiaren Aldeko Mugimenduak. Esnaolak eta Etxeberriak salatu dute torturak eta tratu txarrak etengabeak izan direla; Madrilgo polizia etxean egindako galdeketetan izan dira «saio gogorrenak», azaldu dutenez. «Infernua zen hura. Lur jota nengoen. Ez nintzen pertsona», esan du Esnaolak. «Eromena zen: hainbat guardia zibil inguruan, sekulako belarrondokoak, mehatxuak, oihuak... Nahi izan banu ere ezingo nukeen konfesiorik egin; ezinezkoa zen piztia haien erritmoari eustea».
Antzeko torturak salatu dituzte biek: besteak beste, «konortea galdu arte» poltsa bat buruan jarri dietela, buruan kolpeak jaso dituztela, biluzarazi dituztela, hilko zituztela esanez mehatxatu... Esnaolak kontatu duenez, poltsarena izan zen gogorrena. «Lepoa bihurritzen zidaten, poltsa estutuz», adierazi du. Orduek aurrera egin ahala egoera gogortuz joan zela azaldu du. «Poltsa estutu, gehiago ezin nuenean pixka bat askatu, hiru arnasestu larri-larri [hartu] eta berriz estutu, askatu, bi arnasestu, estutu, askatu, arnasestu bat... Orduak eman nituen horrela».
Elektrodoekin torturatzeko simulazioa ere egin ziotela salatu du. «Antifaza buruan, basatiz inguratuta, biluzik, eta elektrodo makina martxan jartzeko prest zeuden. Ez zuten martxan jarri».
Egoera umiliagarria zela azaldu du Esnaolak: lurrean zela mugitu ezinda, pixa eta kaka gainean eginda, izerditan blai zegoela eduki zuten. «Ezin nuen mugimendurik koordinatu, ezin nuen hitzik egin».
Azaldu duenez, auzi medikuari ez begiratu eta ez hitz egiteko esan zioten guardia zibilek, eta gero berriro jo zuten. «Saioa bukatuta, deklarazioa prestatzen hasi ziren. Hau da, zer esan behar nuen ikasarazten hasi zitzaizkidan. Baina idatzita zegoen aurretik, eta moldatuz joaten ziren nik esaten nuenaren arabera».
Esnaolak salatu duenez, familiaren baserrian eginiko erregistroa ere «oso arraroa» izan zen. «Sukaldean geundela, nire logelan entzuten nituen. Logelara iristerako, dena hankaz gora, eta ganbaran sumatzen ziren hotsak. Ganbarara iritsi, eta dena miatuta. Dena den, bideokameraz grabatzen zuten dena, eta hori ere grabatuta egongo da».
«Hilko nintzela uste nuen»
Lander Etxeberriak salatu duenez, hari ere behin eta berriz jarri zioten poltsa buruan. «Hilko nintzela uste nuen. Buruan zauri bat egin nahi izan nuen guztia amaitzeko, baina ez nuen horretarako indarrik».
Bortxatuko zuten itxura ere egin ziotela salatu du: «Gerritik behera biluzik jarri ninduten, paretaren kontra jarri ninduten eta bortxatzeko itxurak egin zituzten». Bainuontzi bat urez bete eta bertan itoko zuten itxurak ere egin zituzten poliziek.
Atxiloaldian oihuak eta mehatxuak etengabeak izan zirela dio, eta Esnaolaren oihuak entzuten zituela. «Ezer ez zarela sentiarazten dizute». Jakinarazi du, halaber, epailearen aurrean ez zela ausartu tratu txarrak salatzen, inkomunikazio epea amaitu ez, eta berriro guardia zibilen esku utziko zuten «beldurrez».
Tortura larriak egin dizkietela salatu dute larunbatean espetxeratutakoek
Abokatuei azaldu dietenez, biluzik izan dituzte denbora luzez, eta «konortea galdu arte» jarri diete poltsa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu