politika

Tortura saihesteko inkomunikazioa bukatzeko eskatu dute

Dei egin dute igandean Iruñean izango den manifestazioan parte hartzeko.

2011ko martxoaren 21a
16:28
Entzun

"Torturatuak" izandako euskal herritar batzuek Espainiako Gobernuari eskatu diote inkomunikazioa bukatzea ezinbestekoa dela tortura bukatzeko, eta dei egin dute Tortura gehiagorik ez. Errepresioa amaitu lelopean igande honetan Iruñean egingo den manifestazioan parte hartzeko. 12:00etan hasiko da martxa, autobusen geltokitik.

"Guardia Zibilaren eta Gobernuaren Ordezkaritzaren egoitzen aurretik pasatuko gara, jendea torturatzeari eta herri hau zapaltzeari utz dezaiotela eskatzeko. Utz ditzatela armak, eta ausar daitezela euskal independentismoari aurre egiten modu demokratikoan, torturarik gabe, atxiloketarik gabe, bortxakeriarik gabe, mehatxurik gabe, inposiziorik gabe", esan dute gaur, prentsaurrekoan, Araitz Amatriak eta Felipe Castellek. Amaieran, Nafarroako Parlamentuak ikertu nahi ez dituen tortura testigantzak publiko egin dituzte: Iker Moreno, Iñigo Gonzalez, Patxi Arratibel eta Xabier Beortegirenak.

Prentsaurrean esan dutenez, Euskal Herrian azken hamarkadetan hamar mila lagun torturatu dituzte, eta, horren ondorioz, hamahiru lagun zendu dira.

"Guardia Zibilak eta Espainiako Poliziak torturatu egin gaitu. Azalduezina da psikopata horien esku egonda sentitzen dena: inongo babesik gabe, mundutik bakartuta, haien esku zaude, inongo kontrol judizial, mediku zaintza edo arreta psikologikorik gabe".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.