Estrasburgoko Auzitegiak tortura salaketak ez ikertzeagatik Espainiaren kontra eman dituen ebazpenen harira, Emilio Olabarria EAJko diputatuak Espaniako Gobernuari galdegin dio ea zein neurri hartzea pentsatzen duen. "Eusko Jaurlaritzak 1960tik 2013ra izan diren 3.587 tortura salaketa bildu ditu jada. Gobernu demokratiko bati datu horiek lotsa eman beharko lieke", esan du Olabarriak Espainiako Kongresuan.
Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak erantzun dio auzitegiak ez duela Espainia zigortu torturengatik; "ez da sartu kasuak aztertzera". Zehaztu du ebazpenak ez direla ari gobernuaren ekinbideez, baizik eta "egin ez diren" ikerketa judizialei buruz; "horrek ez du gobernuarekin harremanik, baizik eta estatutaren beste botere batekin". Ebazpena jaso duten bost auziak aurreko agintaldiakoak direla gaineratu du.
Inkomunikaziorik ez aurten
Jorge Fernandez Diazek nabarmendu du bost ebazpenetatik lau usteko ETAko kideen salaketen erantzunak direla: "Guztiei inkomunikazioa ezarri zitzaien, kontrol judizial handiko erregimena". Hala ere, abian den Prozedura Kriminaleko Lege proiektuarekin atxilotuari are eta kontrol handiagoa ezarriko zaiola egin du oharra.
Dena dela, aurten atxilotu dituzten "ustezko 80 terroristei" ez zaiela inkomunikaziorik ezarri esan du Barne ministroak.