'Egunkaria auzia'

Tortura salaketaren inguruan deklaratuko du bihar Iñaki Uriak

'Egunkaria'-ren aurkako operazioan Guardia Zibilaren esku jasan zituen torturengatik jarri zuen salaketa dela eta, Gipuzkoako Probintzia Auzitegian deklaratuko du bihar Iñaki Uria 'Egunkaria'-ko kontseilari ordezkari zenak. Egunkariaren Aldeko Elkarteak antolatuta elkarretaratzea egingo da 11:15etan, Donostiako Justizia Jauregiaren atarian, Uriari elkartasuna adierazteko. Egunkariaren Aldeko Elkarteak komunikabideetako langileak eta euskaltzaleak deitu ditu bereziki.

2005eko uztailaren 19a
18:21
Entzun
Guardia Zibilaren esku inkomunikatuta egon ziren aldian jasan zituzten torturak zirela medio, salaketa jarri zuten 'Egunkaria'-ren aurkako operazioan atxilotutako hainbatek. Martxelo Otamendi zuzendariak Madrilgo Guardia Auzitegian jarri zuen, eta epaitegi hark artxibatu egin zuen Otamendiren salaketa. Helegitea aurkeztu zuten Otamendiren abokatuek erabaki horren aurka, baina helegitearen gaineko erabakirik ez du oraindik hartu Auzitegi Probintzialak.

Iñaki Uria kontseilari ordezkariak, Xabier Oleaga zuzendariorde izanak eta Xabier Alegriak Gipuzkoako Probintzia Auzitegian jarri zuten salaketa. Alegria duela bi hilabete deitu zuten deklaratzera; Uriak, berriz, bihar du hitzordua. Oleagak ez du oraindik deklaratzeko deirik jaso.

Bihar Uriari deklarazioa hartuko diotela eta, Egunkariaren Aldeko Elkarteak kontzentrazioa antolatu du babesa adierazteko. 11:15etan egingo da, Donostiako Justizia Jauregiaren atarian, Egia auzoan. Komunikabideetako langileak eta euskaltzaleak deitu ditu bereziki Egunkariaren Aldeko Elkarteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.