Politika

Tortura sistematikoa izan dela berretsi du Paco Etxeberriak

5.000 pertsona torturatuak izan direla frogatuta daukatela azpimarratu du Info 7 irratian egin dioten elkarrizketan. "Sinetsi nahi ez badiguzue zuen arazoa da. Guk frogatuta daukagu".

2016ko apirilaren 20a
13:06
Entzun

Eusko Jaurlaritzarentzako torturari buruzko ikerketa egiten ari da Paco Etxeberria auzi medikua. Ikerketa horren barruan 5.000 lagunen torturak frogatuta dauzkatela esan du "ahozko frogekin, froga dokumentalekin eta perizialekin". Dena grabatzen ari direla azaldu du, eta seguruenera ezingo dituztela kasu guztiak frogatu jakinarazi du: "Batzuk ez dira gurekin fidatzen". Beste batzuen kasuan, kontatzera etorri, eta hitz egiten hasi aurretik negarrez hasi, eta kontatu ezinda gelditzen direla esan du.

Egiten ari den lanagatik kritika ugari jasotzen ari da. Baina berak argi dauka: "Guk frogatuta dauzkagu 5.000 kasu. Sinetsi nahi ez  badiguzue zuen arazoa da". Beste "tranpa" bat ere badagoela dio: "Elektrodoak jarri ez badizkiote ez dela jendea torturatzen esaten da"; Etxeberriak ez du bat egiten horrekin. Nazio Batuen Erakundearen definizioa erabiltzen dute beraiek, eta horren arabera, umiliazio guztiak ere tortura dira, baita hilekoa etortzeagatik barre egiten dietenen kasuak ere.

80. hamarkadan hasi zen Etxeberria auzi mediku lanetan. Urte hauetan guztietan ikusi duenarekin ez dauka dudarik: sistematikoki torturatu da, eta ondorio horretara iritsi dira tortura ikertu duten guztiak, nahiz eta hori esateko terminologia desberdina erabili duten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.