Torturak eta tratu txarrak eragozteko hainbat neurri hartzeko exijitu dio Europako Kontseiluko CPT Torturaren Prebentziorako Batzordeak Espainiako Estatuari, baina Espainiako Gobernuak ez ditu beteko. Horixe, hitz gutxitan, ostiral honetan erakunde horrek argitara eman duen txostenaren laburpena.
2007ko irail-urrian CPTko ordezkariek Espainiara eta Euskal Herrira egindako bisitaren ondoren idatzitako informearen eta aholku eta eskakizunen agiria da txostenaren zati bat. Bestea, berriz, Espainiako Gobernuak emandako erantzuna. Informearen argitarapenaren atzerapena Espainiako Gobernuak eragin du, hark baimena eman arte CPTk ezin baitzuen publikatu.
Informeak zuzenean jotzen du torturak eragozteko Espainiako Estatuan dauden gabezietara, eta are, salatu ere egiten du CPTk Espainiako Estatura dagoeneko hamaika bisita egin dituen arren, urteotan emandako aholku gehienek bete gabe dirautela. Hainbat dira aholkuak, baina nagusiak hauek: inkomunikazio errejimenaren ingurukoak eta tortura salaketak ikertzekoak.
Lehenari dagokionez, CPTk dio egungo inkomunikazio errejimenak ez duela funtsezko aldaketarik izan 1991n indarrean zegoenarekiko. Errejimen hori zeharo aldatuko luketen neurriak hartzeko exijitu du CPTk, 2009ko azaroan torturaren aurkako NBEren gomendioek ziotenaren bidetik, bidenabar esanda. Espainiako Gobernuaren erantzuna antzekoa izan da bi kasuetan; inkomunikazioa «funtsezko tresna» dela, «salbuespen kasuetan» erabiltzen dela eta ezein herritan baino «berme handiagoak» dituela.
Era berean, tortura salaketak ez direla ikertzen ohartarazi du informeak, eta exijitu ere bai CPTko ordezkaritzak bisitatu zituen hainbat euskal herritarren tortura salaketak iker daitezen. 2007ko martxoaren 28tik apirilaren 1era Guardia Zibilak atxilotutako 11 euskal herritarretik zortzi bisitatu zituen ordezkaritzak, eta denek torturen eta tratu txarren lekukotasunak eman zizkioten. Espainiako Gobernuaren erantzunak lerro gutxi ditu; «tratu zuzena eta egokia» jaso ei zuten. Ikerketarik ez du aipatzen.
Harago ere badoa informea, bisitaren ondotik ere tratu txarren eta torturen salaketen berri izan duela baitio. Eta Igor Porturen eta Mattin Sarasolaren kasuak aipatzen ditu, haien kasuen berri zehatz emateko exijituz. Espainiar Gobernuak orduko bertsio ofiziala errepikatzen du, tortura haien gaineko epaiketan hankaz gora geratu zen berbera.
2007ko bisitan ere torturak eragozteko neurrien gabezia berretsita, CPTk Espainiako Gobernuari exijitu dio adierazpen ofizial bat egin dezan torturak eta tratu txarrak inolaz ere ez dituela onartuko esanez, mezua segurtasun indarretako funtzionario ororengana irits dadin. Gobernuak ez dio baiezkorik eman eskakizunari. Aitzitik, giza eskubideen aurkako funtzionarioen urraketak «erabat salbuespenezkoak» direla dio, baina jokabide hori «jazarria eta zigortua» dela.
Torturak eragozteko neurrien gabezia berretsi zuen CPTk, 2007ko bisitan
Europako erakundeak torturaren aurkako adierazpen ofiziala egiteko eskatu dio Espainiako Gobernuari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu