Gorka Mayo, Iñigo Gonzalez, Gorka Zabala eta Patxi Arratibel espetxera bidali ditu Fernando Grande-Marlaska Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak, «ETAko kide izatea edo harekin kolaboratzea» egotzita. Guardia Zibilak asteartean atxilotu zituen, eta atzo arte inkomunikatuta eduki zituen. Arratsaldean eraman zituzten Grande-Marlaskarengana, eta epailearen aurretik pasatu ondoren kendu zieten inkomunikazioa. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak jakinarazi duenez, «tortura latzak» salatu dituzte Gonzalezek, Zabalak eta Arratibelek.
Guztira hamar euskal herritar atxilotu zituzten astearteko polizia operazioan, Ekineko eta Askatasunako kide izatea leporatuta. Aipatutako lau pertsona horiez gain, beste bi espetxeratzeko agindu zuen epaileak herenegun: Iker Moreno eta Miguel Angel Llamas. Edurne Sauzori eta Koldo Garciari hamabi mila euroko bermea jarri zien, eta Xabier Beortegi eta Oihana Odria baldintzarik gabe libre utzi zituen.
Atzo espetxeratutako lau herritarrei «Ekineko kide gisa Batasunean, Segin eta Askatasunan aritzea» leporatzen die Grande-Marlaskak. Poliziaren txostenetan oinarritzen da epailea hori baieztatzeko. Ezker abertzaleko kide batzuekin bilerak egitea eta dokumentu politikoak edukitzea leporatzen die. Inkomunikazio aldian atxilotuek polizia etxeetan eginiko deklarazioak aintzat hartu ditu, halaber, epaileak.
AAMk salatu du inkomunikazio aldian torturatu egin dituztela. Xabier Beortegi eta Iñigo Gonzalezen kasuan, ofizioko abokatuak hartu duen jarrera nabarmendu du AAMk. Prentsa ohar batean aditzera eman duenez, Beortegiren kasuan, ofizioko abokatuak «argi ikusi du» tratu txarrak egon direla eta horrela jakinarazi dio epaileari. Gonzalezen kasuan, tratu txarrak egon zitezkeelako aipamena egin diola dio.
Jasandako «infernua»
Espetxeratutako bakoitzak eginiko salaketen berri eman du AAMk. Gonzalezen kasuan dio bai auzi medikuari bai epaileari jasotako torturen berri eman diela. Gonzalezek azaldu duenez, tratua oso gogorra izan da; hainbat aldiz poltsa jarri diote buruan,eta arnasarik gabe utzi; kolpeak eman dizkiote gorputz osoan; bortxaketa imintzioak egin dizkiote eta elektrodoak jartzeko mehatxuak eta simulazioak egin dizkiote. Tratu psikologikoa ere oso gogorra izan dela adierazi du, eta bere senideen kontrako mehatxu ugari egin dizkiotela esan du.
Gorka Zabalaren kasuan,AAMk dio ez dela ausartu medikuaren eta epailearen aurrean torturak salatzera. Inkomunikazioa kendu eta konfiantzazko abokaturekin bildu denean, hari esan dio poltsa jarri diotela buruan, eta arnasarik gabe utzi; kolpe ugari eman dizkiotela eta tratu psikologikoa ere oso gogorra izan dela salatu du. Bortxatzeko eta elektrodoak jartzeko mehatxuak egin dizkiotela adierazi du eta familiaren kontrako mehatxu ugari jaso duela azaldu du.
Jon Patxi Arratibel ere ez da ausartu auzi medikuaren aurrean torturak salatzera, baina epaileari zehaztasun handiz esplikatu dio jasan duen «infernua», AAMren arabera. Deklarazio polizialetako batean, sinadura jartzeko lekua bere izenaren ondoren «aztnugal» idatzi du: «laguntza» alderantziz. Epaileari azaldu dio babesgabetasun egoera izugarri horretan, tortura saio gogorren erdian, laguntza behar zuela adierazteko egin zuela. Arratibelek ere salatu du poltsa jarri diotela buruan hainbat aldiz, kolpe ugari eman dizkiotela, mehatxu ugari egin dizkiotela senideen eta hurbileko lagunen kontra eta bortxatzeko eta elektrodoak jartzeko imintzioak egin dizkiotela.
Gorka Mayok, berriz, salatu dupresio psikologikoak, mehatxuak eta galdeketa luzeak jasan dituela, baina fisikoki ez dutela ukitu adierazi du. Hark hasieratik habeas corpus-a eskatu zuen, eta idazkari judizialari atxiloketa unean esan zion ez zuela deklaratu nahi. Jaso dituen galdeketak politikoak izan direla dio; egoera politikoaren ingurukoak eta ezker abertzalearen apustuaren ingurukoak, besteak beste. Galdeketak oso luzeak izan direla adierazi du.
Moreno eta Beortegi herenegun espetxeratuak ere salatu zituzten torturak.
Polizia operazioa. Tortura salaketak
Torturak salatu dituzte Marlaskaren aurretik pasatu diren azken atxilotuek ere
Gonzalez, Zabala, Arratibel eta Mayo espetxeratzeko agindu du Auzitegi Nazionaleko epaileak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu