Aurreko astean, kezkaturik azaldu ziren Segiren aurkako operazioan atxilotu zituzten hamalau gazteen senide eta lagunak, gazteak inkomunikatuta zeudelako eta torturatu zitzaketela uste zutelako. Bukatu da inkomunikazio aldia, eta tortura salaketak egin dituzte atxilotutakoek. Poltsa, kolpeak, mehatxuak... Elkartasuna azaldu diete orain senide eta lagunek espetxeratuei. Jaione Karrera abokatuak eta Koldo Amatriak hitz egin zuten atzo Iruñean lagun eta senide horien izenean: «Tortura erabaki politikoa da, eta torturaren amaiera ere horrela izango da». Kaleko mobilizazioak eta presioa areagotzeko garaia dela eta gaur Torturarik ez lelopean Donostian egingo denmanifestaziora joateko deia egin dute. 17:30ean hasiko da hori, Antiguako tunelean.
Karreraren hitzetan, atxilotu guztiek ez dute tratu bera izan; «baina inorentzat ere ez da atsegina izan», zehaztu du. Poltsa saioak egin dizkiete poliziek atxilotuei, mehatxatu dituzte, kolpeak eman, nekea eragiteko ariketak eginarazi... Egoi Irisarri barrabiletan jasotako kolpeak zirela-eta Gregorio Marañon ospitalera eraman behar izan zutela gogorarazi zuen Karrerak. Fiskalak eskatua dio epaileari kasu hori ikertzeko.
Azkenaldian epaitegietan torturaren inguruan izandako mugimendua ekarri dute gogora atxilotutakoen senide eta lagunek. Igor Portu eta Mattin Sarasola torturatzea egotzita hamabost guardia zibilen aurka Donostian izandako epaiketa, Maite Orue torturatzea egotzi dieten Espainiako bost poliziaren aurkako epaiketa eta Auzitegi Konstituzionalak Sara Majarenasen tortura salaketak ikertzeko emandako agindua. «Tortura salaketak gezurra izateko, ez al dago mugimendu gehiegi epaitegietan kontu honekin?», egin dute galdera.
Beren borondatez aurkeztu nahi
Bereziki larria da, gainera, senide eta lagunen hitzetan, azken atxilotuen kasua. Izan ere, lehenagoko Segiren aurkako operazioen harira, orain atxilotu dituzten gazteetariko batzuk prest agertu ziren Espainiako Auzitegi Nazionalera joateko. Prest zeuden beren borondatez eta tratu txarrik ez jasotzeko bermeekin agertzeko. Epaileak, baina, kasurik ez ziela egin salatu dute senideek. Eta bi urte geroago atxilotu egin dituzte, eta inkomunikazio aldia ezarri diete. Baita, Karrerak esan duenez, inkomunikazio egoeran torturak jasateko arriskua egon badagoela jakinik ere. Amatriaren hitzetan, «torturaren logikaren bidez» soilik uler daiteke epaileen jokaera hori.
Tortura kasuak ikertzen direnean ere, gutxitan izaten da zigorturik. Eta torturatuen aurka itzuli ohi da maiz akusazioa, tortura salaketak «estrategia baten arabera gertatzen direla esanez». «Halako kasuak hurbil bizi ditugunok, baina, badakigu ez dela hala», esan zuen Amatriak.
Egitura osoa dago torturaren atzean, atxilotutakoen senide eta lagunen hitzetan, eta Barne Ministerioa, Espainiako Auzitegi Nazionala, Guardia Zibila, Espainiako Polizia, Ertzaintza eta komunikabide handiak dira haren parte.
Torturaren aurkako lana eremu guztietara eramateko deia egin dute, horregatik. «Urrats handiak» egin dira bide horretan, atxilotuen senide eta lagunen hitzetan, eta bide horretan jarraitu beharra dagoela diote. Borroka hori indartzeko garaia da oraingoa, haien ustez.
Babes handia gaurko
Asko dira Donostiako deialdiarekin bat egin duten eragile, alderdi eta elkarteak. Ezker abertzalea, Aralar, Abertzaleen Batasuna, Eusko Alkartasuna, Alternatiba, ELA, LAB, Lokarri, Bilgune Feminista, Gazte Independentistak, Etxerat, CNT,Gazte Komunistak, Askapena, AHTrik Ez! plataforma eta Amnistiaren Aldeko Mugimendua, besteak beste.
Donostiako Antiguako tuneletik abiatuko da manifestazioa, arratsaldean, 17:30ean, Torturarik ez! lelopean.
Torturaren aurka indarrak biltzera deitu dute senideek
Azken atxilotuek jasandako torturak salatu dituzte haien senide eta lagunek, eta tortura «erabaki politikoa» dela esan dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu