2006an atxilotu eta inkomunikatu zituzten guardia zibilek Igor Portu eta Mattin Sarasola. Portu atxilotu eta biharamunean ospitalera eraman behar izan zuten oso larri, inkomunikazioan jasotako kolpeen ondorioz saihetsak hautsi, eta saihets batek birika zulatuta. Tortura bortitzak salatu zituzten biek, eta preso daude geroztik.
Torturarik ez! lelopean manifestaziora deitu dute urriaren 30erako Donostian. Iruñean egin zuten deialdia lehengo astean hainbat eragilek. Atzo Bortzirietako udalek eta eragileek deialdia babestu zuten -bi presoak hangoak dira-. Eta beste bi deitu zituzten epaiketa egunetarako.Epaiketa hasten den egunerakoherri batzarra eta elkarretaratzera deitu dute 20:00etan, Lesakako plazan. Hilaren 28an, ostegunean, epaitegi aurrean elkarretaratzera deitu dute eguerdian, 12:00etan, eta ordubeteko lan uztea, 12:00etatik 13:00etara. Protesta horiek guztiak torturarekin bukatu beharra dagoela aldarrikatzeko deitu dituzte.
Koldo Erkizia EAko hautetsiak eta Zaine Rekondok -2005ean Guardia Zibilak atxilotu eta torturak salatu zituen- egin zuten mobilizazioetarako deia atzo, Lesakan, bailarako eragileek lagunduta egindako agerraldian. Bortzirietako udalerriek torturaren aurkako mozioa onartua dutela gogorarazi zuten. Inor gehiago torturatua izan ez dadin, «aski dela esateko ordua dela» esan zuten. Ildo horretan, egin daitekeen ekarpena kalera ateratzea dela uste dute, «inoiz gehiago ez ditzagun Igor eta Mattinen bezalako kasuak ikusi».
Deialdiak
MOBILIZAZIOAKUrriaren 25a. Portu eta Sarasola torturatzea egotzita 15 guardia zibilen aurkako epaiketa hasten den egunean herri batzarra egingo dute 20:00etan Lesakan, eta gero, elkarretaratzea.
Urriaren 28a. Elkarretaratzea Donostiako Auzitegiaren aurrean 12.00etan, eta Bortzirietan 12:00etatik 13:00etara lanuzteak egitera deitu dute.
Urriaren 30a. Torturarik ez! lelopean, manifestazio nazionala Donostian.