politika

Torturaren aurkako martxa egingo dute hilaren 30ean Donostian

Torturak gaur egun ere jarraitu egiten duela salatuko dute manifestazioan. Deitzaileek diote Espainia entzungor egiten ari dela tortura saihesteko neurriak ezartzeko eskariari. Urriaren 30ean, 17:30ean hasiko da martxa, Donostian, Antiguako tuneletan.

2010eko urriaren 7a
18:58
Entzun
Torturen aurkako manifestazio nazionala antolatu du TAT Torturaren Aurkako Taldeak. Hilaren 30ean izango da martxa, Donostian. Antiguako tuneletan hasiko dira, 17:30ean. Torturarik ez! izango da martxaren leloa. Torturak gaur egun ere egiten direla salatuko dute manifestazioan, eta hori saihesteko neurriak hartzeko eskariei entzungor egitea egotziko diote Espainiako Gobernuari.

Torturak salatu dituzten hainbat pertsona eta torturak jasandakoen senideak izan dira protestara deitzeko agerraldian, Iruñean. Besteren artean, han izan dira Juan Carlos eta Jesus Mari Besanceren, Igor Porturen, Mattin Sarasolaren, Xabier Galparsororen, Gurutze Iantziren eta Eneko Compainsen hurkoak. "Behingoz eta betiko" torturarekin amaitzeko eskatu diote Espainiako Gobernuari. "Talde eta eragile asko azaldu dira torturaren aurka, eta Espainiaren jarrerak berdin jarraitzen du", esan dute.

Tortura salaketak gogoraturik —asteon bertan, tortura latzak salatu dituzte Juan Carlos eta Jesus Mari Besance anaiek eta Xabier Atristainek—, egungo egoera salatu dute: "Tortura errealitatea da Euskal Herrian, ez da salbuespen bat". Hartara, dei egin diote Madrilgo gobernuari, "tortura saihesteko neurriak eta bermeak" hartzera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.