Torturaren aurkako protestara deitu dute dozenaka eragilek

Ezker abertzalea, EA, Aralar, AB eta Alternatiba izan dira torturen kontrako ekimenera deitu duten alderdi politikoak

Donostia
2010eko urriaren 24a
00:00
Entzun
Torturaren aurka datorren larunbatean Donostian egingo den manifestazioan parte hartzera dei egin dute Euskal Herriko hainbat alderdi politikotako, sindikatutako eta gizarte eragiletako ordezkariek. Hogeita hamarren bat lagunek egin zuten agerraldia atzo, Donostian. Han ziren ezker abertzaleko, Eusko Alkartasunako, Alternatibako, Abertzaleen Batasuneko eta Aralarko ordezkariak, LAB, EHNE, Hiru, ESK eta EILAS sindikatuetakoek; bai eta Euskal Herrian lanean ari diren beste 50 bat gizarte eragiletakoak ere. Horiez gain, nazioarteko zenbait gizarte eragilek ere bat egin dute torturaren kontrako ekimenarekin.

TAT Torturaren Aurkako Taldeak antolatutako manifestazioa da datorren larunbatekoa. Duela bi aste Iruñean egin zuten aurkezpen ekitaldian, lau puntuko agiri bat irakurri zuen Añe Ituño TATeko kideak. Eta atzoko agerraldian gauza bera egin zuten Haizea Solagurenbeaskoa Ikasle Abertzaleakeko eta GaztEHerriako kideak eta Carlos Hernandez Euskal Herriko Torturen kontrako Koordinadorakoak, hain zuzen, atzo manifestazioan parte hartzera dei egin zuten eragileak bat datozelako TATek egindako eskaerekin.

Lehenik, diote tortura ez dela salbuespenezko praktika bat, «tortura errealitate bat» dela Euskal Herrian». Horregatik, tortura behin betiko amaitzeko eskatu dute, eta inor gehiago torturatua izan ez dadin beharrezko neurri eta bermeak hartzeko. Bigarrenik, eskatu dute torturatuak izan diren herritarrei torturaren ondorioak gainditzeko beharrezkoak zaizkien bideak eskaintzeko. Hirugarrenik, egun torturak duen «zigorgabetasuna» amaitzea galdegin dute. Azkenik, tortura amaitzeko konpromiso argiak hartzeko eskatu diete erakunde publikoei. «Horretarako eman behar den lehenengo pausoa inkomunikazioa amaitzea da».

Behin agiria irakurrita, tortura bukatzeko lan egitera eta datorren larunbatean Torturarik ez lelopean Donostian egingo den manifestazioan parte hartzera dei egin zuten bildutakoek -manifestazioa 17:30ean abiatuko da Antiguako tuneletik-. Solagurenbeaskoak Hernandezi eman zion hitza. Hark agiri bera baina gaztelaniaz irakurri zuen, eta hartan bukatu zen agerraldia, kazetarien galderarik ez zutelako erantzun. Horrenbeste eragilek adostutako agiria izanik, guztien izenean hitz egiterik ez zutela argitu zuten bildutakoek.

14 gazte, tortura arriskuan

Manifestaziora dei egitea zen atzoko agerraldiaren helburua. Baina, «beste behin ere» prestatuta zuten gidoia aldatu beharra izan zutela azaldu zuten Solagurenbeaskoak eta Hernandezek. Segi gazte erakundea berriz osatu nahi izatea leporatuta herenegun atxilotutako hamalau gazteez ari ziren. «Orain, Espainiako Poliziaren eskuetan daude, inkomunikatuta, eta, beraz, torturatuak izateko arrisku larrian».

Horregatik, atxilotutako gazteak berehala askatzeko exijitu zuten, eta askatzen ez badituzte ere, gutxienez inkomunikazio aldia eteteko. «Atxilotuak berehala epailearen aurrera eraman ditzatela eskatzen dugu, inkomunikatuta dauden bitartean torturatuak izateko benetako arriskuan daudela uste dugulako». Era berean, atxilotuta dauden gazte guztien eskubide guztiak bermatuak izan daitezela eskatu zuten bildutakoek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.