Tortura eta tortura ahalbidetzen duten salbuespenezko legeak bertan behera uzteko exijituko dute beste behin Joxe Arregi zizurkildarra torturatuta hil zeneko urtemugaren ingurumarian. Sortuk larunbatean egingo du ekitaldia, 12:00etan, Basauriko udal pilotalekuan.
Tortura "estatuaren gerra estrategiaren oinarrizko tresna" izan dela salatu du Sortuk, "era sistematikoan eta inpunitate osoz erabilia izan dena". "Torturaren erabilpena ahalbidetu dute hamarkadatan zehar estatuko indar politiko nagusiek, indar errepresiboek eta salbuespen legediek".
Frankismoaren ostean ere bai
Sortuk nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak 3.587 tortura salaketa erregistratu dituela torturari buruzko ikerketaren lehen erroldan. "Torturaren negazionisten artean ere bada tortura Frankismo garaiko zerbait dela dioenik, demokrazian desagerturikoa. Datuek ere argi diote: kasu frogatu gehiago daude 2000ko hamarkadan 70eko hamarkadan baino".