TORTURAREN KONTRAKO EPAIKETA. Igor Portu: «Inguratuta geunden, ezin zen lasterka ihesean abiatu»

Atxilotzeko unean ez zituztela jo baina inkomunikazio garaian torturatu egin zituztela azaldu dute Portuk eta Sarasolak

Oihana Elduaien Uranga.
Donostia
2010eko urriaren 27a
00:00
Entzun
Guardia Zibilaren bertsioa goitik behera gezurtatu dute Igor Portuk eta Mattin Sarasolak, beraien bertsioa kontatuta. Atxiloketa unean ez zituzten jo, harik eta autora sartu eta martxan jarri ziren arte. Mendi aldetik Arrasatera jaitsi zirenean guardia zibilak gerturatu, identifikatzeko eskatu eta motxilak arakatzen ari zitzaizkienean ez ziren lasterka hasi. «Inguratuta geunden, ezin zen lasterka ihesean hasi», esan zuen Portuk. «Egoera hartan ez zegoen lasterka abiatzerik», gaineratu zuen Sarasolak.

Guardia zibilen testigantzaren erabat kontrakoa eman zuten bi presoek atzo, Donostiako Probintzia Auzitegian. Portu eta Sarasola torturatzea egotzita epaitzen ari diren 15 guardia zibilek diote ustezko bi etakideek ihesari ekin ziotela atxilotzen saiatu zirenean eta «muturreko indarkeria» erabili zutela. Horregatik indarrez hartu zituztela eta une hartan egindakoak direla bi atxilotuen zauriak. Bi lesakarrek akusatzaile eta lekuko gisa deklaratu zuten, eta behartuta zeuden alde guztiei erantzutera. Ordu eta erdi pasatu zituen horretan Portuk, eta ordubete inguru Sarasolak.

Auzi gelara eraman zituztenean, aurrez aurre izan zituzten ustez beraiek torturatu zituzten 15 guardia zibilak. Nolanahi ere, ez zuten denbora asko galdu haiei begira, eta publikoan kaleko jantzitako guardia zibil saldoaren artean zeuden senitarteko eta lagunen bila ibili ziren haien begiradak. Isilik egin behar izan zituzten konplizitate keinuak, Iñaki Subijana epaileak aurretik abisu eman baitzuen norbaitek zarata ateratzen bazuen gelatik aterako zutela, aurretik identifikatuta.

2008ko urtarrilaren 6an Udalatik Arrasatera jaitsi zirenean ikusi zituzten Guardia Zibilaren patrolak, Portuk azaldu zuenez. Ez zuten pentsatu beraiengana joango zirenik, baina «abordatu» egin zituzten. Nortasun agiriak eta motxilak eskatu, bidearen beste aldera joateko agindu, eta han eduki zituzten, inguratuta. Motxila batean bi pistolaren eta munizioaren paketeak topatu zituztenean «urduri eta oldarkor» gerturatu zitzaizkiela jakinarazi zuen Portuk, eta bakoitza patrol batean sartu zutela. Eta ez operazioko buruak herenegun esan bezala biak patrol batean.

Segituan jarri ziren abian, eta herrian bertan hasi ziren kolpeak, Porturen arabera. «Joka, mehatxuka eta garrasika hasi ziren. Aurpegian jotzen ninduten batik bat, eskua zabalduta, baita ukabilarekin ere». Nork jotzen zuen galdetuta, azaldu zuen egoera nahasia zela eta uste duela guztiek jo zutela, baina batik bat kopilotua izan zela.

Fiskalaren galderei erantzunez azaldu zuen anabasa hartan ez zuela ikusten oso ondo nora joan ziren, baina aldapa bat igo zutela gora eta eskuinetara. Mendi aldean aparkatu zuten. Sarasola patrol batetik atera zutela eta mendian behera eraman zutela ikusi zuela kontatu zuen. Sarasola berriz ibilgailura eraman zuten arte ibilgailuaren barruan eduki zuten bera, ordura arte bezala, kolpeka, mehatxuka eta garrasika. Sarasola autoan sartu zutenean bera atera zuten. Hura izan zen, Porturentzat, inkomunikatuta eduki zuten denbora guztiko unerik bortitzena. Hiru edo lau agenteren artean bultzaka eta ostikoka mendian behera eraman zutela berretsi zuen, erreka baten ondora. «Egundoko ostikadak eman zizkidaten, eta ukabilkadak saihetsetan, tripan... gorputz osoan. Indartsu eman zizkidaten, eta asko. Arnasarik hartu ezinik lurrean geratu nintzen». Golpeak jasotzen ari zela apnea ona al zuen ere galdetu zioten, gero etorriko zena iragarriz. «Orkatiletatik heldu, eta burua uretan sartu zidaten. Eskuarekin indarra egin, eta traga dezala esaten zuten». Erreka hark belaunetarainoko sakontasuna baino handiagorik ez zuela azaldu zuen Portuk auzitegian, baina hala ere handik atera ezinda geratu zela: «Erabateko itomena neukan». Berriz ere patrolera eraman zuten, ostikoka eta ukabilkadaka eta abisu eman zioten, haiek hasierako hogei minutu besterik ez zirela eta bost egun zituztela aurretik, berarekin «nahi zutena» egiteko.

Gero Intxaurrondora eraman zuten. Hor ere torturatu zutela adierazi zuen, potroetan estutzen zutela, flexioak eginarazi zizkiotela eta manta batekin bilduta gainean jarri zitzaizkiola, besteak beste. Lesakara eraman zuten hortik; bera bizi zen etxebizitza miatu zuten aurrena, eta gurasoena gero. Gorputza oso minduta zuenez eta arnasa hartzeko arazoak zituenez -Intxaurrondon jabetu zen-, esertzeko baimena eskatu zuen: «Ezin nintzen zutik egon, oso ahul nengoen».

Handik Donostiara bidean ere jo zuten, kolpeak, tximetatik tirakoak... Auzi medikuari ezer ez kontatzeko mehatxu ere egin zioten, baina bere burua «oso gaizki» ikusten zuenez, kontatzea erabaki zuen. Handik erietxera eraman, eta han ere aurreneko gauean mehatxu egin ziotela jakinarazi zion epaimahaiari.

Sarasola antzera, hasieran

Inkomunikazioko aurreneko orduei dagokienez, antzeko kontakizuna egin zuen Sarasolak ere. Esan zuenez, patrolean sartu zutenean hasi zen bera kolpeak hartzen, mehatxu eta biraoekin batera. Mendi bidera eraman eta maldan behera jaitsi zuten. Pistola jarri zioten lokian, hil egingo zutela mehatxatuz, Mikel Zabalza bezala hilko zutela esanez. Bultzaka eraman zuten aldapan behera, eta han jipoitu egin zutela kontatu zuen. Gorakoan, autora bidean berriz erori zen, eta berriz jipoitu zuten. Patrolean sartu zuten, eta han eduki zuten denbora batez. «Tarteka atea irekitzen zuten, eta jipoitu egiten ninduten». Gehienbat aurpegian eta saihetsetan jo zutela kontatu zuen.

Kolpez eta mehatxuz jositako bidaian handik Intxaurrondora eraman zutela azaldu zuen Sarasolak. Polizia etxean hasi zitzaizkion anaia atxilotzearekin mehatxu egiten. Hor ere jo zuten, paretaren kontra jarri, baita manta batekin bildu ere. Madrilera bidean ere etengabe jo zuten, eta potroak ere estutu zizkioten. Han ere jo zuten: «Aulki batean eseri, eta besoak lotzen zizkidaten. Poltsa jartzen zidaten buruan, gehiago ezin nuen arte». Gertatutako guztiak auzi medikuari zergatik ez zizkion kontatu galdetuta, mehatxuekin izututa zegoelako ez zuela egin argitu zuen. Auzitegi Nazionaleko Fernando Grande-Marlaskari eman zion guztiaren berri, hark espetxera bidali aurretik deklarazioa hartu zionean. «Banekien bost egun igaro eta gero ez nintzela berriz haien eskuetara itzuliko».



«'Errekan sartu naute', esan zidan Portuk erietxean»

Bi lekukok deklaratu dute, Guardia Zibilaren bertsio ofizialari balioa kenduz eta torturak sinesgarri eginez
O. Elduaien. Donostia

Atxiloketaren unean indarkeriarik ez zela egon berretsi du Isidro Roperok. Igor Portu eta Mattin Sarasola atxilotu zituzten unean handik gertu zegoela azaldu zion atzo epaimahaiari, eta biak nola atxilotu zituzten ikusi zuela. Han, indarkeriarik ez zela egon nabarmendu zuen, «alderantziz, atxilotuak lasai ikusi nituen». Bergarako Auzitegian eta Donostiakoan emandako lekukotza berretsi zuen horrenbestez, nahiz eta 15 guardia zibilen defentsako bi abokatuak eta estatuaren abokatua gogoz saiatu ziren hari sinesgarritasuna kentzen. Bi defentsek lekuko hori baliogabetzat jotzeko eskaera ere egin zioten tribunalari.

Guardia zibilek deklaratu zuteneko egunarekin alderatuta, oldarkor egin zituzten galderak atzo haien defentsek. Jarrera hori azaldu zuten Portu eta Sarasolarekin, baita lekuko gisa deklaratzera deitu zituen Isidro Ropero eta Pakita Etxegoienekin. Horrenbeste, ezen azken horrek gogora ekarri behar izan zion bera lekuko gisa zegoela han.

Portu erietxera eraman zutenean haren arropak jasotzeaz arduratu zen Etxegoien. Deigarria egin zitzaion galtzerdiak zein bustiak zeuden. Epaimahaiari esan zionez, «eta hau?», galdetu zion, harrituta. «Errekan sartu naute», esan zion Portuk.

Porturen egoera ikusita, eta bera ere ama denez, Porturen amari deitzea erabaki zuen hurrengo egunean, bere semea esku onetan zegoela eta lasai egon zedin esateko. «Prentsatik jakin izan banu nire semea erietxean zegoela lur jota egongo nintzen». Guardia zibilen defentsak errieta ere egin zion, deia baimenik eskatu gabe egin zuelako eta, gainera, ez ziolako esan errekan sartu zutela kontatu ziola.

'Kantaldien' prestaketa

Guardia zibilen defentsek eskatuta, bi lekuko perituk ere deklaratu zuten atzo. Guardia Zibilak ziren haiek ere, eta, haien txostenaren arabera, etakideek atxilotu aurretik torturak salatzeko kantaldia prestatzen dutela azaldu zuten. «Badakite atxilotu egingo dituztela, eta aurretik prestatzen dira».

Amaia Izko abokatuaren galderei erantzunez, esan zuten Espainian atxilotutakoan bakarrik egiten zutela hori eta Frantzian atxilotutakoan ez zutela torturarik salatzen. «Gu etsai deklaratuak gara haientzat».

Gaur jarraituko du epaiketak, lekuko batekin eta peritu gisa deklaratuko duten auzi medikuekin. Bihar amaitzea espero da, aldeek azken ondorioak emanda.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.