TAT Torturaren Aurkako Taldeak antolatutako manifestazioan adin eta jatorri ezberdineko mailaka lagun bildu zen. Astean zehar Euskal Herriko eta kanpoko 50 eragile baino gehiagok eman zioten babesa ekimenari. Eragile horiek agertutako jarrera eskertu zuen TATek martxaren amaieran eginiko ekitaldian, eta tortura amaitzeko haien beharra ezinbestekoa izango dela nabarmendu zuen.
Ane Ituiño TATeko abokatuak azaldu zuenez, tortura «erabaki politikoa» den heinean, harekin amaitzeak ere erabaki politikoa izan behar du. «Horrek lana eskatzen du, salaketa, konpromiso argiak, mobilizazioak, nazioarteko erakundeetan esku hartzea... Guk bide horretan aurrera jarraitzeko konpromisoa hartzen dugu. Eta bidelagun nahi zaituztegu guztiok», esan zuen Ituiñok.
Gehiengo sindikaleko, ezker abertzaleko, EAko, Aralarreko, ABko, Alternatibako eta mugimendu feministako hainbat taldetako kideek parte hartu zuten manifestazioan. Ezker abertzaletik Rufi Etxeberria, Jone Goirizelaia, Tasio Erkizia, Miren Legorburu eta Shanti Kiroga zeuden, besteak beste. EAtik Maiorga Ramirez Santi Merino eta Maider Carrere; Aralarretik Oxel Erostarbe eta Rebeka Ubera; ELAtik Adolfo Muñoz; LABetik Ainhoa Etxaide, CCOOtik Jesus Uzkudun eta Etxerat-etik Mattin Troitiño. Horiez gain kulturgintzako, kiroletako eta beste hainbat alorretako aurpegi ezagun andana ikus zitekeen martxan.
Manifestazioa 17:45ean abiatu zen, «Ez, ez, ez torturarik ez!» zioten oihuena artean. Lehen lerroan, eta Torturarik ez zioen pankartari eutsiz, TATeko kideak, Igor Portu eta Mattin Sarasolaren senideak, eta torturak salatu dituzten hainbat gazte ageri ziren, Unai Romano tartean.
BERRIA eta Hamaika telebistari eginiko adierazpenetan, azken 50 urteetan torturak salatu dituzten milaka herritarrak izan zituen gogoan Romanok. Atxilotuei ezartzen zaien inkomunikazio aldia bertan behera uztea tortura amaitzeko beharrezkoa dela nabarmendu zuen. «Bost egun horietan ez duzu eskubide bakar bat ere; beldurra sentitzen dute gure senideek... Inkomunikazioa amaitzea ezinbestekoa da tortura amaitzeko», nabarmendu zuen Romanok.
Pankartari eusten ziotenen atzetik, elastiko gorriekin, gazte mugimenduko hainbat kide zeuden; jarraian, ekimena babestu duten eragileetako ordezkariak joan ziren eta, haien atzetik, jende uholde bat. Aurrez egindako beste manifestazio batzuekin konparatuta, polizien presentzia urria izan zen. Martxaren aurrealdean Ertzaintzaren sei furgoneta zeuden. Kalean ez zen uniformedun poliziarik ikusten eta helikopterorik ez zebilean airean.
Zeruak euria botatzeko imintzioa egin zuen martxa hasi baino minutu batzuk lehenago. Manifestazioaren lehen lerroa Antiguako tuneletik irteten ari zela, zeruak atertu zuen. Auzo horretaraino joan ez ziren herritarrek alderik alde bete zuten Kontxako pasealekua, eta txalo artean hartu zuten martxaren aurrealdea, ondoren haiekin bat egiteko.
Kontxako pasealekua utzi ondoren, San Martin kalean sartu zen manifestazioa. Eta Gipuzkoako Probintzia Auzitegiaren ataritik pasa zen martxa, hain zuzen ere, asteon Igor Portu eta Mattin Sarasolaren tortura salaketen testigu izan den eraikinaren aurretik, hain justu.
18:15ean manifestazio burua Artzain Onaren katedralean zegoenean, azken manifestariak Kontxako Pasealekuan zeuden, Aietera igotzen den aldaparen parean. Hasieratik bukaerara 45 minutu behar izan zituen manifestazioak Artzain Onaren katedralaren paretik igarotzeko.
Manifestazioa 18:30ean iritsi zen bulebarrera. Han eginiko ekimena amaitu zenean, 19:00etan, berriz, Urumea ibaiko pasealekuaren parean zegoen manifestazioaren amaiera.
Urrats garrantzitsuak
Bulebarrean eginiko ekitaldia laburra izan zen. Txalaparta doinuak amaitu ostean, Ane Ituiñok eta Lorea Bilbaok TATeko kideekagiri bat irakurri zuten. Lehenik eta behin azken 50 urteetan torturen ondorioz hil diren hamahiru pertsonak gogoratu zituzten. Banan banan eman zituzten haien izen eta abizenak, bulebarrean ziren herritarren txaloen artean.
Tortura «ezkutuan dagoen errealitatea» dela salatu zuten Ituiñok eta Bilbaok Bulebarrean; Espainiako eta Frantziako estatuek eta beste hainbat eragilek, erakundek eta komunikabidek tortura salaketak eta testigantzak «sistematikoki» isilarazten dituztela adierazi zuten. «Madrilgo bulego ezkutu batean erabaki dute tortura erabiltzea; ezkutuan torturatzen da polizia etxeetan, eta ehunkalagunek eginiko tortura salaketak ezkutatu egiten dira, isilarazi».
Horren harira, torturaren aurka azken asteotan azaldu diren eragileen jarrera txalotu zuten Ituiñok eta Bilbaok. «Bide horretan konpromisoak indartzea eta elkarlanean aritzea dagokigu guztioi».
Asteon epaitu dituzten Maite Orue zein Portu eta Sarasolaren tortura salketak tortura «aktualitatearen erdian» kokatu dutela adierazi zuten.
Bide horretan «tortura posible egiten duen egitura politiko osoa» amaitzea beharrezkoa izango dela nabarmendu zuten TATeko bi kideek. «Beharrezkoa izango da inkomunikazioa amaitzea, legedia bereziak ezabatzea, Espainiako Auzitegi Nazionala indargabetzea».
Azken polizia operazioan atxilotutako gazteek salatutako torturak ere izan zituzten gogoan,eta haiek azkenak izan daitezken exijitu zuten. «Ezin dugu utzi herritarrei, zigorgabetasun osoz, buruan poltsa bat jartzea. Ezin ditugu onartu emakumeen aurkako umilazio eta jazarpen sexualak».
«Tortura amaitzea erabaki politikoa da, eta erabaki hori hartzera behartu behar ditugu eragile politikoak»
ANE ITUIÑO. TAT Torturaren Aurkako Taldeko abokatua
«Bost egunean ez duzu eskubide bakar bat ere; torturaren arriskua ikusten duzu, senideen beldurra...»
UNAI ROMANO. Torturatua
13
Azken 50 urteetan torturaren ondorioz hamahiru lagun hil dira. Atzoko manifestazioan gogoan izan zituzten.Mikel Arrastia
Maria Mercedes Antxeta
Jose Maria Quesada
Manuel Tomas
Antonio Goñi
Juanjo Munduate
Alfredo Valcarcel
Joxe Arregi
Esteban Muruetagoiena
Mikel Zabalza
Juan Calvo
Gurutze Iantzi
Xabier Kalparsoro