Torturak salatu eta auzi gehiago egon ez daitezen bermeak eskatu dituzte Donostian 50 bat eragile sozial, alderdi politiko eta sindikatuk. Bat datoz eragile gehienak torturak «lotsagarritzat» jotzen, eta «sinestezina» egiten zaie askori 2010 urtean torturak salatzeko elkarretaratze batera joan behar izatea.
Hala ere, argi dute eragileek «tortura kasuak dauden bitartean kalera aterako direla, kasu bakoitza salatu eta gaitz hau guztiz alboratzeko». Nahiz eta etorkizunean «horrelako elkarretaratzeak beharrezkoak ez izatea» espero duten, atzokoaren irakurketa positiboa egin dute eragile guztiek.
MAIORGA RAMIREZ. EAko Nafarroako koordinatzailea
«Torturak desagertu behar du, guztion artean gizarte aske bat eraiki dezagun»
Baikor agertu da EAko Nafarroako koordinatzailea, bere ustez elkarretaratze honetara hurbildu diren hainbat eragile eta pertsona «pauso garrantzitsu bat» ematen ari direlako «askatasuneszenatoki baterantz». XXI. mendean torturak egotea «lotsagarritzat» jo du Ramirezek.
NIKO MORENO. Ezker abertzaleko kidea
«Indar metaketa beharrezkoa da eskubide urratzeei aurre egiteko»
«Tamalgarritzat» jo du ezker abertzaleko kideak «2010. urtean tortura kasuak izatea», eta «ezker abertzalearen aurkako estrategia jazartzailean» kokatu ditu Morenok torturak. Ezker abertzaleko kideak Maite Orue, Igor Portu eta Mattin Sarasola ekarri ditu gogora,eta horrelako kasuak ezin direla berriz gertatu esan.
OXEL EROSTARBE. Aralarreko Gipuzkoako koordinatzailea
«Ez gara geldituko frankismo zantzu guztiak desagertzen diren arte»
Torturak «frankismoaren ondaretzat» jo ditu Aralarreko Gipuzkoako koordinatzaileak. Espainiak torturaren aurka ez duela bermerik ematen uste du Erostarbek, «inkomunikazioa indarrean egotea edo auzitegiek Guardia Zibila edo Polizia Nazionala zigortzen dituztenean, hauek indultatuak izatea» salatuz.
MERTXE COLINA. Abertzaleen Batasuneko ordezkaria
«Hemen alderdiak legez kanpo uzten dira, baina tortura da legez kanpo utzi beharrekoa»
Lotsagarrritzat jo du ABko ordezkariak 2010. urtean oraindik tortura kasuak egotea, baina «dauden bitartean, gertakari horiek salatzeko kalera aterako» direla adierazi du. Euskal herritarren eskubideen jazarpen estrategian kokatu ditu tortura kasuak.
AINHOA ETXAIDE. LABeko idazkari nagusia
«Ez gaude prestgure eskubideak urratzen uzteko»
LABeko idazkari nagusiaren ustez, «hemen torturatu egiten dela argi esan behar da». «Ez diogu bere burua demokratikotzat duen estatu bati gure eskubideak urratzen utziko», esan du Etxaidek, eta Donostian bildutako jende andanak jarrera horixe bera erakusten duela gaineratu du.
ADOLFO MUÑOZ, 'TXIKI'. ELAko idazkari nagusia
«Babes legala dutelako gertatzen dira torturak»
ELAko idazkari nagusiak inkomunikazioa legezkoa den bitartean, torturek babes legala dutelauste du. Espainian torturatu egiten dela «jakina» dela uste du, besteak beste NBEk sarritan salatu duelako Espainian gertatzen diren tortura kasuak. Hedabide espainiarrek «errealitatea ezkutatzen» dutela gaineratu du, «haiek ere badakitelako tortura kasuak daudela».
TORTURAREN KONTRAKO MANIFESTAZIOA. «Lotsagarritzat» jo dituzte torturak hainbat eragilek
Torturaren aurkako bermeak eskatu dituzte eragile politiko, sindikal eta sozialek, eskubideak errespeta daitezen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu