4/2014 auzia eta atzoko atxiloketak salatzeko prentsaurreko jendetsua egin dute Burlatan (Nafarroa). Atzoko operazioarekin argi gelditu da "kontakizun faltsua inposatzeko nahia", auzipetuen ustez, eta hori ez gertatzeko lanean jarraitzeko eskatu dute. Hala, atzoko atxiloketen iturburua izan zen muralaren antzekoak pintatzeko deia egin dute. Eurak ez dituztela geldiaraziko iragarri dute, eta tortura salatzen jarraituko dutela. Gainera, larunbaterako manifestazio bat ere antolatu dute torturaren kontra. 13:00ean abiatuko dira, Burlatako udaletxetik. Torturaren amaiera eskatuko dute.
4/2014 auzian epaitutakoek salatu dute tortura salatzen dutenak atxilotzea "demokrazia eta gertatutakoaren egia iraintzea" dela. Agerraldian Burlatan eurei babesa emateko torturaren kontra margotutako muralaren irudiaren kopiak erakutsi dituzte.
Mural horrekin lotuta zortzi lagun atxilotu zituzten atzo Iruñerrian. Atxiloketak bere ekimenez egin zituen Espainiako Poliziak, eta zitazioa eman ostean aske utzi zituen atxilotu guztiak. Sei lagun Burlatan bertan atxilotu zituzten—Mikel Otano, Esteban Gota, Julia Ibañez, Itxaso Torregrosa, Ibai Moreno eta Txelui Moreno—; eta beste bat Iruñeko Alde Zaharrean —Saioa Ibiriku—. Horiez gainera, Angel Mari Erro ere atxilo hartu zuten Atarrabian, 14:30ean, lanetik ateratzen ari zela.
4/2014 auzian auzipetuetako batek, Gorka Mayok, salatu du atzo atxilotutakoei ez zaiela inongo auzitegitako jakinarazpenik iritsi. "Espainiako Poliziak ez du bilatzen duena lortuko. Mehatxuek eta atxiloketek ez gaituzte geldiaraziko, ez dute lortuko inkomunkazio aldian komisarian eta Guardia Zibilaren ziegetan jasan genituen torturak salatzeari uztea". Salatu du, bide batez, Espainiak ez zituela tortura salaketak ikertu, eta gogoratu du horregatik Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak zigortu egin zuela.
"Atxiloketa horiek perspektiba bikoitz batetik soilik dira ulergarriak: torturak salatzen dituenaren kontrako mendeku gisara eta faltsua den kontakizun bat inposatzeko saiakera modura; hori da estatuari interesatzen zaiona". Salatu dute, gainera, "jende guztia konponbiderako pausoak ematen ari den bitartean estatua ez mugitzea eta orain arte eragindako sufrimendua erreparatzeari uko egitea". Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroari galdetu dio Mayok ea Espainiako segurtasun indarrek torturatzeko inpunitatea duten. Fernandez Diazek atzo esan zuen Espainia zuzenbide estatu bat dela eta ez dagoela inpunitaterako tarterik inor iraintzeko, "are gutxiago segurtasun indarrak".