Torturaren korda ilunetik tiraka

Aiert Larrarte Torturaren Aurkako Taldeko abokatuaren arabera, «torturatzaile profesionalak» daude Espainian, tortura «sistematikoa» delako, legearen babesa duelako

jokin sagarzazu
2008ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
154. Jose Luis Rodriguez Zapaterok Espainiako Gobernuko agintea hartu zuen urtetik (2004) Espainiako poliziek atxilotutako 674 euskal herritarrek egin dituzten tortura salaketen kopurua da hori: 154. Atxilotuen ia %23k salatu dituzte torturak azken lau urteotan, bake prozesuaz hitz egin den legegintzaldian. Salatu ez direnak, berriz, norbanakoaren barrunbeetan geldituko dira, ilun, betiko.

Torturak hura eragiten dituen borreroak bezala «mila aurpegi» dituela dio Aiert Larrartek, TAT Torturaren Aurkako Taldeko abokatuak. Zenbakiez hitz egiten hasi bezain pronto begiak itxi eta egoera irudikatzen du: «Sokari lotuak 154 egon baziren, hari tiraka zenbat egon ziren?».

Torturatzailea ezezaguna bada ere Espainian tortura «sistematikoa» dela dio Larrartek. Alegia, sistemari berari dagokion ezaugarria dela tortura. «Lehenengo, legedia dago: hor badaude mekanismo batzuk tortura kasuak azaleratzen ez dituztenak». Larrarteren arabera, legeak hainbat instrumentu ematen dizkio Poliziari atxilotuarengana inor ez hurbiltzeko, abokaturik ez egoteko, inkomunikazioa bost egunez eta kartzelako egonaldia beste zazpi egun luzatu ahal izateko...: «Alde batetik, horiek dira lege mekanismoak, baina horren atzetik datoz auzi medikuen profesionaltasun eza, tortura kasuak ikertzeko epaileen arduragabekeria, fiskalen lotsagabekeria, komunikabideen isiltasuna... eta azken muturrean torturatzaileei indultuak proposatzen dituen gobernua eta indultuak ematen dituen Espainiako erregea bera ere».

«Sistema oso eta saihestezin bat dago eratua torturaren inguruan: ezin da bertan sartu, ez du zirrikiturik uzten». TATeko abokatuaren aburuz, «torturare amaitzeko bide bakarra inkomunikazioa amaitzea da». Presoak inkomunikatuta dauzkatenean izaten baitira tortura kasu gehienak, «zigorgabetasun osoz», gainera.

Abiapuntua Espainiak nazioarteko arauak ez betetzean dago. Larrarteren arabera, nazioarteko erakundeek ondo baino hobeto dakite zein den Espainiaren portaera: «Dena sinatzen du, baina gero ez dute ezer betetzen». Ekainaren 22tik aitzinera martxan egon behar lukeen NATOn sinatutako torturaren kontrako protokoloa jartzen du adibidetzat TATeko abokatuak. Torturaren aurkako neurriak neurri -«Garzon epaileak berak tortura galarazteko neurri batzuk proposatu zituen»- hauek ez dutela tortura guztiz desagerraraziko uste du TATeko kideak: «Zailagoa izan daiteke norbait torturatzea, baina herri honetan torturatzen jarraituko da».

Igor Porturen tortura salaketak jarraituko duen bideaz galdetuta, Larrartek datu esanguratsu batekin erantzun du: «Azkeneko epaiketa 2002an egin zen, ordutik hona izan diren kasu guztiekin ez da epaiketa bakar bat bera ere egin». Torturatzailearen «abilezia» eta horri sistemak berak ematen dion «babesa» ikusita, poliziek eta guardi zibilek torturatzeko «txeke zuri bat» dutela diopresoen abokatuak.

«Frogak egon direnean ere kontrako frogak eraikitzen oso abilak dira». Adibideak jartzen ditu Larrartek: Unai Romanoren kasuan, lesioak norberak egindakoak zirela argudiatu zuten; Iratxe Urizarren kasuan, bizkarrean zeuzkan elektrodo markak alergia baten emaitza zirela eta, Igor porturen kasuan, «Rubalcabak berak Guardia Zibilaren bertsioa berretsi eta indartzen du, ikerketaren emaitzei itxaron beharrean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.