atxiloketak iruñerrian

Torturaren ordez, torturaren salaketa jomugan

Espainiako Poliziak zortzi lagun atxilotu ditu, "Guardia Zibila iraintzea" egotzita. Burlatan (Nafarroa) mural batean "tortura" eta #aztnugal margotzeagatik atzeman dituzte, zitazioa emateko. Atxilotuak Txelui Moreno Sortuko kidea, Julia Ibañez haren emaztea, Ibai semea eta beste bost lagun dira: Saioa Ibiriku, Itxaso Torregrosa, Esteban Gota, Mikel Otano eta Angel Mari Erro. Denak daude libre, eta Poliziak bere kabuz egin ditu atxiloketak. Iruñeko Instrukzioko 3. zenbakiko Epaitegiaren esku utziko dute ikerketa.

2016ko apirilaren 19a
07:16
Entzun

Espainiako Poliziak guztira zortzi lagun atxilotu ditu gaur goizean eta eguerdian Iruñerrian, Espainiako segurtasun indarrak iraintzea leporatuta. Zehazki Burlatako pareta batean #aztnugal tortura salaketa margotzeagatik atxilotu dituzte. "Kafkarra da egoera. Excusatio non petita, accusatio manifesta", esan du Txelui Morenok Espainiako Poliziaren komisariatik atera ostean; nabarmendu du torturaren kontrako mural batean aipatuak sentitu direla segurtasun indarrak, horien aipamenik egin gabe. "Ez dakit hemen torturaren aurka egotea delitua den edo ez. Ez dakigu. Esango digu epaileak haren aurrera goazenean". Izan ere, Morenok jakinarazi du kalean atxilotu ostean, Espainiako Poliziak Iruñeko Chinchilla kalean duen komisaldegira eraman dituztela epailearen aurrean deklaratzera joateko zitazioa emateko, ez beste ezertarako.

Halako egoerak aldatzeko "martxan" jarri beharra dagoela adierazi du Morenok: "Benetako demokrazia bat izateko. Hori da herritar guztiok nahi duguna". Burlatako alkatearen baimenarekin egin zuten margoketa, gainera, eta, BERRIAk jakin duenez, litekeena da Txema Noval alkatea deklaratzera deitzea.

Polizia operazioa Fermin Otamendi Nafarroako Auzitegiko epaileak agindu duela esan diete poliziek atxilotuei, Ahotsa.info-k zabaldutako bideoan ikusten denez, baina Nafarroako Auzitegiak ukatu egin du agindu duela. Iruñeko 3. Instrukzio Auzitegiak hartu du auzia.

[youtube]https://youtu.be/Qe6oUQr8OTE[/youtube]

BERRIAk Espainiako Gobernuaren ordezkaritzarekin hitz egin du, eta hark ez du baieztatu nahi izan nork agindu duen polizia operazioa. Atxilotuek hiruzpalau ordu egin dituzte Poliziaren eskuetan, eta horren ostean libre geratzen hasi dira Chinchilla kaleko komisariatik. Goizeko zazpiak aske utzi dituzte, eta Erro da orain atxilotuta jarraitzen duen bakarra. Goizean une batean beste atxilotu bat ere egon zitekeela zirudien, eta Atarrabian atxilotu dute azkenean, lanetik bueltan.

Txelui Morenoren semea da Iker Moreno, eta 04/2014 sumarioan atxilotuetako bat izan zen. Torturak salatu zituenetako horietako bat izan zen, eta CPTk salaketa horiek sinesgarritzat jo zituen. Ikerrek berak BERRIAri baieztatu dionez, gaur aita-amak eta anaia atxilotu dizkiote, eta 04/2014 epaiketan aurreko astean egin zuten akordioarekin lotu du: "Min egin diegu".

Txelui Morenok Info7 irratian hitz egin du, Polizia etxe azpian zuela, atxilotua izan aurretik: "Suposatzen da demokratak torturaren aurka daudela, ezta? Hau bukatzeko modu bakarra antolatzea da. Antolatzea, antolatzea. Ez digute alfonbra gorririk jarriko" .

Guardia Zibila iraintzea zergatik egozten dioten ez zuela ulertzen esan du Morenok orduan, eta bururatzen zitzaion bakarra plazan egin zuten mural baten margoketa zela esan du. Nolanahi ere, mural hori egiteko Burlatako Udalaren baimena zutela azpimarratu du, berak eskatuta. Berri agentziei ikerketa iturriek baieztatu diete atxiloketek lotura dutela muralaren margoketarekin.

Joan zen astean epaitu zituzten 4/2014 sumarioko bost kideak, eta Fiskaltzarekin akordioa egin ostean aske utzi zituzten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.