Tortura

Torturari buruzko azterketa aurkeztuko dute gaur Fernandezek eta Etxeberriak

Bake eta Bizikidetza idazkariak eta auzi medikuak ekinbidearen nondik norakoak aurkeztuko dituzte. "5.500 salaketa publiko" daude jasota.

Fernandez, martxo hasieran egindako elkarrizketan. RAUL BOGAJO, ARGAZKI PRESS
jon ordonez garmendia
2014ko martxoaren 28a
11:50
Entzun

Eusko Jaurlaritzak iragarri duenez, gaur aurkeztuko du Bake eta Elkarbizitza idazkaritzak torturaren inguruan egin duen azterketa. Jonan Fernadez Bake eta Bizikidetza idazkariak eta Francisco Etxeberria Aranzadiko kideak aurkeztuko dute. Azterketaren oinarriak finkatuta, salaketak azaleratu eta erreparazio neurriak ezarri nahi dituzte.

Fernandezek berak orain aste batzuk BERRIAn egindako elkarrizketan azaldu zuenez, hainbat galdera erantzutea da asmoa. "Batetik, zenbat salaketa egon diren, datuak asko dantzatzen direlako eta datu fidagarri bat izan behar dugulako. Ikertu egin behar da salaketa horien fidagarritasuna, eta horretarako badaude nazioarteko tresnak. Ezarri beharko dira tresna horiek, aztertzeko salaketa indibidual eta kolektibo batzuen fidagarritasun hori. Eta, horrekin batera, ezarriko ditugu neurri batzuk erreparazioari, aitorpenari eta prebentzioari begira".

Fernandezek aurreratu zuen helburuetako bat hurrengo urteetan torturaren inguruan zer egin behar den ondorioztatzea dela. "Nazio Batuen Erakundeak ezarritako irizpideen arabera, ezinbestekoa da aitorpena, ordaina eta prebentzioa". Argitu gabe dauden tortura salaketak ikertzeko bideak jarriko dituzten jakiteko "goiz" dela esan zuen. "Kontuan hartu behar da kasu askotan ezinezkoa izango dela ia ezer ikertzea. Baina egon badaude formulak, gutxienez, aitorpena egiteko".

Eusko Jaurlaritzak berak iaz 1960tik 2013ra euskal gatazkaren eraginez Euskal Herrian izandako giza eskubideen urraketen inguruan egin zuen txostenean zihoen, tortura eta tratu txarrak pairatu dituzten pertsonen zifra zehatzik eman gabe, 5.500 tortura salaketa publiko daudela jasota, eta horiek ikertzeko deia egiten zuten orduan txostengileek: Juan Maria Uriartek, Ramon Mujikak, Jon Mirena Landak eta Manuela Carmenak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.