Nafarroak ere tortura ikertzeko asmoa dauka. Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarren eta Erakundeen Harremanekiko kontseilariak nabarmendu du gobernuak iaz laguntza deialdi bat atera zuela eskubide urraketak ikertzeko, eta laguntzaren zati bat EHUko Kriminologia Institutuak jasoko du.
EH Bilduko Bakartxo Ruizek gaurko kontrol saioan berriki talde horrek berak EAEn kaleratutako txostenari buruzko balorazioa eskatu dio Ollori, eta deialdi horren inguruko xehetasun gehiago eskatu dizkio. Ollok gogora ekarri du EHUko Kriminologia Institutuak hiru urte behar izan dituela Araba, Bizkai eta Gipuzkoako kasuak ikertzeko. Nafarroako Gobernuaren adjudikazioa orain jaso duenez, edukiari buruz ezer aurreratzeko goizegi dela esan du.
"Erakunde guztiek lan egin behar dugu biktima guztiek egia ezagutzeko eskubidea izan dezaten", gaineratu du. Tortura jasan dutenek ere eskubide bera dutela nabarmendu du. Eusko Jaurlaritzaren aginduz talde berak egindako lanak iraganean nazioarteko erakundeek salatutakoa berretsi duela adierazi du. "Asko geratzen da ikertzeko, baina txostena aurrerapauso garrantzitsua da tortura salaketak argitzeko bidean".
Ahots batzuek txostenaren emaitza kritikatu badute ere, Olloren arabera, EHUko taldea kualifikazio handikoa da, eta berme handia ematen dio gobernuari Nafarroan hastear den ikerketaren aurrean.
Bakartxo Ruiz: "Bazen garaia"
EH Bilduko parlamentariaren arabera, denbora luzez erakundeek "beste aldera" begiratu dute, eta isiltasuna nagusitu da. "Bazen garaia gaia argitzen hasteko". Ruizen arabera, orain gutxi kaleratu den txostenak agerian utzi du tortura "sistematikoa" izan dela. "Dauden zigor epai eskasei erreparatuta, azpimarra daiteke zigorgabetasuna nagusitu dela". Ikerketak kritikak jaso baditu ere, Ruizen arabera, ezin daiteke zalantzan jarri ikerketa talde horren baliagarritasuna.
Nafarroaren kasuan, ehunka salaketa daude, eta Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak Espainiako Estatua zigortu du zazpi nafarren tortura salaketak ez ikertzeagatik. Horien artean, Patxi Arratibel, Oihan Ataun eta Xabier Beorlegiren kasuak ekarri ditu gogora Bakartxo Ruizek.