Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkeko langileek elkarretaratzea egin zuten Parkearen atarian goiz eta arratsalde, Margari Eizagirre Berriako langilea eta Igor Astibia Kontseilukoa atxilotuen artean direla eta.Adierazpen baten bidez, atxilotuen errugabetasuna aldarrikatu zuten lankideek, eta inkomunikazioaren bidez epaileak «tortura posible egiten duen baldintzetan» jarri dituela ohartarazi. Honenbestez, inkomunikazio egoera lehenbailehen bertan beherauzteko eta «atxilotuen eskubideak errespetatuak izateko bitartekoak» jartzeko eskatu zuten. Ildo honetan, «Euskal Herriko instituzioei inplikazioa» eskatu zieten, «euskal herritarren eskubide guztiak errespetatuak izan daitezen urrats eraginkorrak» eman ditzaten. «Izan ere, beste behin, euskara eta Euskal Herriaren alde lan egiten duten lagunen eskubideak zapalduak izan dira, inpunitate osoz», dio oharrak. Lankideak epaitegian agertu edota aske gelditu bitartean egunero elkarretaratzea egingo dute Kultur Parkearen aurrean, eguerdiko 12:00etan.Hemezortzi enpresa eta elkartetako langileek izenpetu dute adierazpena: Berria, Kontseilua, Ehuntzen, Bertako Hedabideak, Jarduna, Iragarri, Etxeraino, Aztiker, Sortzen-Ikasbatuaz, Gastesarea, Sei, Haizea, EHE, Leitzaran Grafikak, Plazagunea, Abarka, Zirrimarra eta Sua.
Kontseilua, AEK eta Bagare
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak Igor Astibia lankidearen senideei eta lagunei elkartasuna adierazi eta «Igor Astibiak pairatzen duen egoeragatik» kezka agertu zuen ohar baten bidez.«Kontseiluak Igor Astibia berehala lanean izatea espero eta nahi du», gaineratu zuen.
AEK-k Izaskun Villanueva irakasleak «jaso dezakeen tratuagatik» kezka agertu zuen, prentsa agiri baten bidez. «Euskal Herrian atxilotzen direnen artean askok torturak jaso izana salatu izan du eta gu, hain zuzen ere, horren beldur gara», dio AEKren idatziak. Kontseiluko kide Igor Astibiaren egoeran ere kezka agertu zuten, «baita atxilotu guztien inguruan» ere.
Gasteizko Bagare Euskal Tokiak Gustavo Fernandez bazkideari eta gainerako atxilotuei atxilotuek elkartasuna adierazi zien. «Gure kezka agertu nahi dugu, une honetan jasan ditzaketen tratu txarren aurrean», adierazi zuen Bagarek ohar batean. «Lehenbailehen Gustavo gure artean egotea eskatzen dugu», gaineratu zuen.Ibon Urrestarazuren lankideek ere oharra atera zuten: lankideari eta AlaitzIturriotzi elkartasuna adierazi, inkomunikazio egoeragatik kezka adierazi eta atxilotuen askatasuna eskatu zuten.
-
erreakzioak
german kortabarria(ELA)
«Atxilotuak eskubiderik ez duen jendea bezala tratatzen ari da Estatua»
German Kortabarria ELAko Komunikazio idazkariak gogor salatu zituen atxiloketak: «Estatua lur erreko politika bat egiten ari da eta eramaten dituztenak eskubiderik ez duten pertsonak balira bezalatratatzen». Atxilotuek jasan dezaketen tratuaz kezka agertu zuen: «Indarkeriaren gaitzespena eskatzen dutenek, giza eskubideekiko errespetua exijitzeko, hasteko, euren politika berrikusi beharko lukete eta lehen urrats bezala, tortura salaketak ikertu. Sinesgarritasun demokratikoaren aldetik, euren aurrean behin eta berriz tratu txarren ageriko zantzuak dituen jendea ikusi eta ezer egiten ez duten epaileek errespetu gutxi merezi dute ikuspuntu demokratikotik».
LAB
«Konponbideak trabatu nahi dituzte»
Atzoko polizi operazioarekin «Estatuko hainbat sektorek gatazkaren konponbideaukerak» oztopatu nahi dituztela uste du LAB sindikatuak, prentsa ohar batean adierazi zuenez. LABek elkartasuna adierazi zien Gustavo Villate sindikatuko kideari eta gainerako atxilotuei, eta kezka adierazi zuten polizi etxean jasan dezaketen tratuari buruz. Atxilotuei errugabetasubetasun ustea urratu zaiela ere ohartarazi zuen LABek: «Sarekada hauetako biktimen irudiak eta delitu inputazioak hedatzen ari dira, haien aurkako inolako frogarik aurkeztu gabe».
Aralar
«Atxilotu guztiak aske uztea espero dugu»
Atxilotu guztiei errugabetasun ustea errespetatu behar zaiela gogorarazi zuen Aralar alderdiak, ohar baten bidez. Gainera, inkomunikazio egoera bertan behera uzteko eskatu zuen, eta tortura eragozteko neurriak hartzeko eskatu zuen, hala nola polizi etxeko egonaldiak filmatzeko. «Joan den goizaldean atxilotutako guztiak aske utz ditzaten espero du Aralarrek», dio oharrak bukaeran.