Portu eta Sarasolaren tortura salaketak. Epaia

Torturatu egiten dela islatzen du epaiak, alderdi gehienen ustez

Aresen arabera, epaiak erakusten du Justiziak funtzionatzen duela eta «inork» ezin diola haren aplikazioari ihes egin

jon olano
Donostia
2010eko abenduaren 31
00:00
Entzun
Alderdiek azterketa gazi-gozoak egin dituzte Gipuzkoako Probintzia Auzitegiaren erabakiaren harira. Ezker abertzalearen iritziz, «nahiz eta positiboa izan, epaia salbuespen bat da». Gainera, sententziak Euskal Herrian aritzen diren indar polizialek tortura erabiltzen dutela berresten duela uste du. Tortura amaitzeko «beharra» nabarmendu du ezker abertzaleak: «Torturatzaileak babesten dituen zigorgabetasunaren harresia eraitsi beharra dago».

Koldo Amezketa Nafarroako EAko kideak frogatutzat jo diren torturak gaitzesteko eskatu die UPNko, PSNko eta CDNko buruei. Hala egiten ez badute, alderdi horiek eta euren buruzagiek tortura babesten eta justifikatzen dutela pentsa daitekeela gaineratu du Amezketak.

Aralarren iritziz, epaiak argi adierazten du, batetik, Espainian torturatu egiten dela, eta, bestetik, tortura salaketak ez direla behar bezala ikertzen. Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministroak barkamena eskatu behar duela uste du Aralarrek, tortura salaketak zirela-eta guardia zibilei «erabateko babesa» adierazi zielako. Bestalde, Portu eta Sarasolaren aurkako epaiketa berrikusteko eskatu du, haien kontrako zigorra «torturapean egindako deklarazioetan» oinarritu zela uste duelako.

Epaiak ETAren aurka edozer egitearen tesia amaitzea espero du Eneko Oregik, Hamaikabateko presidenteordeak.

Igor Portu eta Mattin Sarasola torturatzea egotzita lau guardia zibil zigortu izana «oso albiste pozgarria» dela uste du Amnistiaren Aldeko Mugimenduak. «Tortura amaitzeko borrokan pauso bat eman delakoan gaude», adierazi du AAMk. Hala ere, epaia salbuespena dela gogorarazi du. «Milaka tortura kasuetatik bakan batzuk soilik iristen dira epaitegietara, eta gutxiago dira salaketak ontzat eman eta poliziak zigortzen dituztenak».

Tortura «erabaki politikoa» dela nabarmendu du AAMk, eta, beraz, tortura amaitzea ere erabaki politikoa dela esan du. Horregatik, mugimendua ez dago erabat pozik, uste baitu Portu eta Sarasola torturatzearen erantzule politiko nagusiak ez dituztela epaitu. 2010ean, Euskal Herrian 63 tortura kasu izan direla azaldu du AAMk: «Datuak agerian uzten du torturaren egiturak lanean jarraitzen duela».

«Justiziak funtzionatzen du»

Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Barne sailburuak adierazi duenez, «zuzenbide estatuak» ongi funtzionatzen duela agerian uzten du epaiak. «Terrorismoaren aurkako borroka» giza eskubideak eta legea errespetatuz egin behar dela gogorarazi du Aresek, eta, beraz, Gipuzkoako Probintzia Auzitegiaren erabakia errespetatzen duela gaineratu du. Haren ustez, Justiziak funtzionatzen duen seinale da «inork» ezin izatea haren aplikaziotik ihes egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.