Kolpeak eta irainak jaso zituen. Mendira eraman eta buruan tiro egingo ziotela ere mehatxatu zuten. Garai hartan, Jesus Muñecas zen Tolosako Guardia Zibileko kuarteleko burua. Frankismoko krimenen aurkako kereila aurkeztu eta Maria Servini epaile argentinarrak abiatutako auzian beste aurrerapauso bat emateko balioko du Nosellasen testigantzak.
Auzitegi Nazionalak Jesus Muñecas polizia ohia ez estraditatzea erabaki du. Nola hartu duzue erabakia?
Ez genuen gauza handirik espero. Aurreko astean jaso genuen ebazpena, eta guk dakigula, Maria Serviniren eskura ez da oraindik jakinarazpen ofiziala iritsi. Gure abokatuen esku geratuko da auzia. Hala ere, honekin aurrera jarraitu behar dugu; hasiera besterik ez da, eta ezin dugu etsi.
Harremanetan al zaudete Muñecasen eskutik pasatako herritarrak?
Hemen Euskal Herrian Goldatu elkartearen eskutik ari gara antolatzen pixkanaka. Tolosaldean asko dira Muñecasen garaian torturatutakoak. Helburua, orain, elkarrekin harremanak berreskuratu eta bilketa lana egitea da. Hala, kereila jarri ahal izango dugu, eta egin zigutena argitara atera.
Zergatik erabaki duzue orain gertatutakoa jakinaraztea?
Nire inguruko jende oso gutxik zekien zer gertatu zen, senitartekoek eta lagun gutxi batzuek. Guk duela 37 urte bizi izan genuena bigarren planoan geratu da, neurri handi batean, hurrengo urteetan salatzeko egoera bertsuak bizi izan ditugulako. Eta kalean segitu behar genuelako protestan. Gure herrian torturatu egiten da oraindik, eta gazte asko dauzkagu espetxean. Horregatik, hain justu, historia berriz ere errepika ez dadin beharrezkoa da gertatutakoa nola izan zen gogoratzea. Kontzientzia hori dugulako eman dugu aurrerapausoa.
Tolosan, kuarteleko buru zela, zer eragin zuen Muñecasek?
Kasu asko izan ziren hemen; jende asko pasatu zen haren atzaparretatik. Hemen astakeria izugarriak egin zituen. Muñecasen eskutik beste asko etorri ziren, eta guk haietako asko izenordez ezagutzen genituen: El Gitano, El Fofo, El Pelirrojo... Denetan okerrena da horietako askok denbora luzean hemen inguruan jarraitu zutela.
Gertatu zena gogoratzeak memoria ariketa egitea eskatzen du...
Bai. Eta kontuan hartu behar da klandestinitate garaiak genituela. Nire kasuan, zortzi egun haietan pasatu zena laino batean bezala gogoratzen dut. Anestesia batetik esnatzea bezala da. Gauza batzuekin ez zara akordatzen, akordatu nahi ez dituzulako. Baina zeure buruari gogor egin eta memoria ariketa hori egitea merezi duela pentsatu, eta aurrera egiten duzu.
Espainian ere ari da lanketa hau egiten, ezta?
Prentsan oihartzun handia izan du kontu honek. Harrituta geratu naiz Euskal Herritik kanpora izan dudan tratuarekin. Nik uste baliagarria izaten ari dela kontraesan batzuk agerian geratu eta gure herriarekiko beste ikuspegi bat izateko.
Zein itxaropen duzue?
Espainiako Justizian batere ez. Zaila da, baina gure kontzientziak eta herri honetan gaur egun dugun egoerak aurrera egiteko eskatzen digu. Oraindik ere Espainiako Estatuak gertatutakoa tapatu eta ezkutatu egiten du. Kasu bakanak direla esango digute, preskribatuta daudela... Baina itxaropenik ez dugu galdu behar.
Jesus Muñecas ez dute Argentinara estraditatuko. Hala ere, ezertarako balio izan al dizue Auzitegi Nazionalean deklaratzen ikusteak?
Ez da kontsolamendu handia guretzat, baina behintzat guk ondo gogoan geneukan aurpegi hori argitara atera da, eta jendeak ikusi ahal izan du nor den Jesus Muñecas. Gainera, neurri batzuk ere hartu dituzte haren kontra. Pasaportea kendu diote, eta ezin da Espainiako Estatutik atera. Ez da asko, baina bada zer edo zer. Gauza txikiak dira, eta honi esker jendeak gertatu zena ezagutzeko aukera badu, irabazten ari garen seinale da. Hasiera da. Badakigu hauek babestuta daudela, baina torturatu gintuztenen aurka egiteko arma bakarra dugu: egia. Eta hori baliatu behar dugu krimen hauen aurka egiteko.