Bi alarde izan dira gaur ere Irunen (Gipuzkoa): bazterketarik gabeko alarde mistoa, eta emakumeei soldadu gisa desfilatzen uzten ez dion alarde tradizionala. Tradizionala goizeko zortzietan atera da, Udalaren baimenarekin. Udaletxean alkateak harrera egin dio. Mistoa, berriz, manifestazio baimenarekin atera da 10:30ean, eta udaletxeko balkoian ez dute Udal ordezkaririk izan zain; Emakundeko Txaro Arteaga, Iñigo Lamarca EAEko Arartekoa eta Bilgune Feministako kideak zeuden, besteak beste. Liskar txiki bat ere izan da. Izan ere, alarde mistokoek 'Emakumeok aldardean, 10 urte' zioen pankarta atera dute udaletxeko balkoira, eta Irungo Udaltzaingoak kendu egin du.
Alarde mistoari harrera eginez Udako ordezkaririk egon ez izanak kritikak sortu ditu. Han ziren Emakundeko Txaro Arteagak, Iñigo Lamarca EAEko Arartekoak, Bilgune Feministako kideek eta Aralarreko Aintzane Ezenarrok salatu egin dute, besteak beste.
Erasoa kale nagusian
Dena den, ez da hori izan eguneko liskar bakarra. 10:30etan abiatuta Alarde mistoko kideek lasai eta jai giroan egin dute Kale Nagusira arteko ibilbidea. Hara heldu direnean, ordea, Alarde baztertzailearen aldekoen erasoa jasan dute. Alde batetik, irain sexista gogorrak egin dizkiete: "puta", "puta-alabak", "ez zarete Irungoak" eta antzeko oihuak entzun behar izan dituzte, gehienak gazteleraz. Halaber, edariak eta edalontziak jartu dizkiete. Alarde mistoa "zaintzen" ari ziren ertzainek, berriz, ez dute ezer egin hori eragozteko. Kale Nagusiko inguru horretan beti errepikatzen dira antzeko erasoak.
Nolanahi ere,azkenean ekitaldia jai giroan amaitzea lortu dute, eta alarde mistoko parte-hartzaileek "oro har" gustura daudela agertu dute, batik bat, beren segizioan parte hartzen duen jende kopurua gero eta handiagoa delako. Gaur 800-1.000 lagun inguru atera dira emakumeen eta gizonen parte-hartze parekidea defenditzen duen segizioan.
Aurten ordutegi berria izan du Alarde tradizionalak. Izan ere, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak, ordutegiei dagokienez, alarde mistoari eman dio lehentasuna, Herrizaingo Sailak aurrez esandakoa berretsiz. Hala, emakumeei gizonen pare parte hartzen uzten ez dien alarde tradizionalak aurten ordutegiak aldatu behar izan ditu, mistoarekin hainbat tokitan bat egin dezakeelako. Goizeko desfilea 08:00etan hasi dute eta arratsaldekoa 18:30ean abiatuko dute, ordu erdi atzeratuta.
Emakumeek soldadu rola betetzeko eskubidea ere badutela uste dutenek, berriz, 10:30etan atera dira eta arratsaldean 17:30etan.
Tradizionalak ez bezala, mistoak manifestazio baimenarekin desfilatuko du, Udalak baimena emateko traba ugari jarri dizkiolako. Antza, eskaera behar bezala ez zuela egin esan zuen Udalak eta dokumentazioa osatu gabe zegoela. Urterik urte jarri izan dituen "aitzakiak" zirenez, mistokoaren antolatzaileek Herrizaingo Sailera jo zuten, manifestazio baimenarekin atera ahal izateko. EAEko Arartekoak, Berdintasunerako Legea aintzat hartuta, tradizionalari emandako baimena baliogabetzeko eskatu zion Udalari, "alarde horrek emakumeak baztertzen dituelako". Horrezaz gainera, mistoari emateko lehentasuna esan zion, beste hainbat gomendioren artean. Udalak, ordea, ez ditu aintzat hartu gomendioak, haren esanetan, gaur bi alarde egongo direnez Irungo kaleetan gizon eta emakumeen arteko berdintasuna bermatuko delako
Irungo Alardea
Tradizionalaren aldekoek eraso dieten arren, oro har, pozik dira Alarde mistoko parte-hartzaileak
Aurten ere istiluak izan dira Irungo (Gipuzkoa) Alardean: ekitaldi mistoan parte hartzen dutenek lasai egin ahal izan dute Kale Nagusira arteko ibilbidea, baina behin hara iritsi direnean Alarde tradizionalaren aldeko hainbat lagunek edariak eta edalontziak jaurti dizkiete eta gogor iraindu dituzte. Mistokoen segizioa zaintzen ari ziren ertzainek, gainera, ez dute ezer egin eraso hori galarazteko. Halaber, Jose Antonio Santano Irungo alkateak (PSE) tradizionalekoei baino ez die egin agurra Irungo Udalean. Hala ere, oro har, pozik daudela agertu dute gizon eta emakumeen parekotasuna defenditzen duten alarde mistokoek: euren ekitaldian gero eta gizon-emakume gehiagok parte hartzen dutela nabarmendu dute, aurten, 800-1.000 inguruk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu