Tragedia egonkortua (eguneko laburpena)

Gaurko datuen arabera, 46 hildako gehiago eta 345 kutsatu berri zenbatu dituzte.

Eibarko panel bat, eskelekin, beteta. GORKA RUBIO / FOKU
Pello Urzelai.
2020ko apirilaren 15a
20:02
Entzun

Hildakoen kopuruak eta positiboen kopuruak biek egin dute gora, gaur jakinarazitako datuen arabera eta aurreko egunekoekin alderatuta. Beste 46 hildako gehitu behar zaizkio heriotzen zerrenda luzeari. Guztira, 1.156 pertsona hil dira martxoaren 4az geroztik, koronabirusarekin gaixotuta. Gaurko datuen arabera, hildako gehienak Gipuzkoan pilatu dira: 25 hildako (bezperan baino 23 gehiago). Araban, bat (sei gutxiago); Bizkaian, 17 (bi gutxiago); eta Nafarroan, hiru (zazpi gutxiago). Positiboen kopuruari dagokionez, 345 kasu berri gehiago zenbatu dituzte, aurreko egunean baino 80 gehiago. Ospitaleratuen kopuruak, berriz, beheraka jarraitzen du, baina erritmo motelean. Guztira, 1.668 pertsona daude ospitaleratuta, aurreko eguna baino 82 gutxiago.Gaurko datuen berri ematean, Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako gobernuko agintariek nabarmendu dute egoera "egonkortu" egin dela. Tragedia egonkortu egin dela esan daiteke, azken 21 egunetan 967 pertsona hil direlako, 46 eguneko.

Koronabirusaren krisiak gogor jo du kulturaren eremuan. Sektorea mugitu egin da. Ehunka kulturgilek greba digitalerako deia egin dute apirilaren 21 eta 22rako. Bi egun osoz ez dute Interneten kultur edukirik partekatuko, "desagertu" egingo dira, ahotsa isilduko dute, entzunak izateko. Gaur bertan, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi du sarrerarik gabe geratu diren kulturgintzako langileei oinarrizko soldata bat bermatuko diela. Datorren astean jarriko da martxan diru laguntza eskatzeko bidea. Euskal Editoreen Elkarteko presidente Joxemari Sorsek neurri bereziak eskatu ditu liburugintzaren sektorea pairatzen ari den krisiari aurre egiteko. Gainera, erabakiak "segituan" hartzeko eskatu du Sorsek,  bestela berandu izango baita. 

Espainiako Hezkuntza ministroa eta autonomia erkidegoetako ordezkariak bildu dira gaur ikasturtea amaitzeko irizpideak finkatzeko. Ikasle guztiek gaindituko dute ikasturtea, "salbuespenezko" kasu batzuetan izan ezik. Ikasturtea ekainean amaituko dute, baina udan errefortzuko ekintzak antolatu ditzakete.

DATUAK: Koronabirusaren azken datuak

MAPA: Koronabirusaren zabalpena herriz herri eta osasun eremuka

ZUZENEKOA: Gertatu ahal kontatutakoa

Agian honek ere merezi du

Umeak gogoan. Umeak kalera atera ahal izateko aldarria gero eta gehiago zabaltzen ari da. Adingabeen konfinamendu egoera arintzea ezinbestekoa dela uste dute askok. Egoera horren harira, 'Akerra ikusi dugu' kantua moldatu eta letra berria jarri dio Maialen Lujanbiok

Haimaldia. Konfinamendua Saharako errefuxiatuen kanpalekuetara ere iritsi da. Urte asko daramate basamortuan konfinatuta, orain haima barruan. Kanpalekuetako sahararrak egoera nola ari diren bizitzen kontatu du Kristina Berasain kazetariak. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.