2012ko ekainean onartu zuen Eusko Jaurlaritzak transexualek osasun arloan dituzten eskubideak bermatzeko legea. Lege horrek transexualen arreta klinikorako gida bat egitera behartzen du Jaurlaritza, baina "arreta integralerako gomendioak" bildu ditu Jaurlaritzak gaur aurkeztu duten agirian. Bultzatzaileen esanetan, transexualitateak "hezkuntza, gizarte eta osasun arloetako arreta koordinatua" eskatzen du.
Aurkezpenean, transexualitatea "dibertsitate gertaera" bat dela azpimarratu dute; ez dela ez "gaixotasun" bat, ez "desoreka" bat, ezta "soziopatia" bat ere. Horren harira, osasun arloan transexualitatea "despatologizatzeko" egin den ahalegina aipatu du Guillermo Viñegra Osasun sailburuordeak. Aurkezpenean, alboan izan ditu Arantza Aurrekoetxea Hezkuntza sailburuordea eta Lide Amibilia Gizarte Politiketako sailburuordea.
Hezkuntza "inklusiboa" izatearen garrantzia nabarmendu du Aurrekoetxeak, ikasle guztiak "onartuta" eta "lagunduta" senti daitezen. Horretarako, beharrezkotzat jo du hezkuntza komunitatea osatzen duten eragile guztien arteko elkarlana.