Izan ere, Hego Euskal Herriko gay eta lesbianek ezkontzeko eta legez beren harremanak heterosexualenekin parekatzeko aukera dute duela urtebetetik. Baita umeak adoptatzekoa ere. Hala ere, berdintasun soziala iristeko asko falta dela agertu dute kolektibo horietako kideek; hau da, jarrera homofoboak oso zabalduta daudela oraindik gizartean.
Ipar Euskal Herrian egoera are eta gogoragoa da, ez baitute ezkontzeko eta adoptatzeko eskubiderik. Horregatik, ekainaren 17an Miarritzen egin zuten manifestazioan Berdintasuna izan zuten lelo eta aldarrikapen nagusi. Nicolas Sarkozy eskuinaren presidentetarako hautagai izan daitekeenak gaia aztertzeko prest dela agertu du, eta baita Segolene Royal PSkoak ere.
Transexualen egoera, berriz, are eta gaitzagoa da. Gizartearen ulermen falta oso handia da; ziur aski, gay eta lesbianak ulertu ezina baino handiagoa. Gainera, osasun arloko zerbitzuen beharrak eta haien eskaerak zaildu egiten du oraindik eta gehiago gaia.
Nolanahi ere, honakoak dira gay, lesbiana eta transexualen mugimenduek gaurko antolatu dituzten manifestazioak:
Bilbo. 20:00 Plaza Eliptikotik manifestazioa. Ondoren, EHGAMen ikuskizun-jaia Kafe Antzokian.
Donostia. 20:00 Boulebarretik manifestazioa.
Gasteiz.20:00. Andre Mari Zuritik manifestazioa.
Iruñea. 20:00.Bus Geltokitik manifestazioa. Gero, Gaypiriña festa Navarrerian.
Arrasate. 19:30. Elkarretaratzea udaletxeko plazan.
*Miarritze. Ekainaren 17a. Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako gay, lesbiana eta transexualek Nazioarteko Eguna baino astebete lehenago plazaratu ohi dituzte beren aldarrikapenak.
Gizartea
Transexualek, lesbianek eta gayek beren aldarrikapenak zabalduko dituzte gaur
Askapen gay eta lesbianoaren eta transexualen Nazioarteko Eguna da gaurkoa, eta, beraz, beren eskubideen aldarrikapena egingo dute. Manifestazioak izango dira ekitaldi nagusiak, oraindik zapalketa askoren jomuga direnaren adierazle. Izan ere, berdintasun legalerako urratsak egin diren arren, oraindik berdintasun sozialerako asko falta dela uste dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu