gizartea

Transexualen Legea onartu du Nafarroako Legebiltzarrak

NaBai, PSN, CDN eta NEBek babestu dute legea. UPNk kontrako botoa eman du konstituzioaren aurkakoa dela uste duelako. Transexualen gizarte eta osasun eskubideak bermatuko ditu lege berriak.

2009ko azaroaren 12a
15:25
Entzun
Nafarroako Legebiltzarrean Transexualen Legea onartu dute NaBai, PSN, CDN eta NEBren babesarekin. UPNk aurkako botoa eman du konstituzioaren kontrakoa dela iritzita.

Onartutako legearekin transexualen gizarte eta osasun eskubideak bermatuko dira. Adin txikiko transexualei dagokienez, "eskubide osoa" izango dute beharrezko diagnostikoa eta tratamentua jasotzeko, batez ere, "hormonen terapian".

Horrez gain, bizi kalitatea eman nahi zaie lege horrekin transexualei. Lan, gizarte eta hezkuntza arloan arreta berezia jartzeaz gain, "osasun eta kirurgia zerbitzu publikoak" izateko eskubidea izango dute.

Legebiltzarrean onartu dutenaren arabera, Nafarroako erakunde publikoetan sexu aukera ezberdinekin errespetuzko jarrera zabaltzea adostu dute eta lan eta hezkuntza arloan baztertze soziala ekiditeko planak jarriko dituzte abian.

Ivan Garde Nafarroako Transexualen, Lagunen eta Senideen Elkarteko presidenteak "txalotu" egin du Legebiltzarrean hartutako erabakia eta horrela "transexualek jasaten duten diskriminazioa" gainditzen dela nabarmendu du.

Jaurlaritzak transexualen lege berria idazteko prozesua abiatu zuen irailean

Iragan irailean Eusko Jaurlaritzak Transexualen Legea idazteko prozesua abiatu zuela jakinarazi zuen. Gizarte Gaietarako sailburu Gemma Zabaletak ekainean azaldu zuen transexualei arreta "integrala eta normalizatua" ematen ahaleginduko zela Jaurlaritza, eta sexuz aldatzeko ebakuntzak lehentasun izango zirela.

Lege egitasmoak, transexualitateari patologia izaera kentzea, erregistro zibileko arazoak konpontzea eta osasun zerbitzua hobetzea proposatzen ditu, besteak beste.

Andrea Muñiz Transexualidad Euskadi elkarteko presidenteak baraualdi erdia hasi zuen irailean lege hori onartzea galdegiteko eta 2010eko maiatzerako EAEko erietxe batean sexuz aldatzeko ebakuntzak egingo dizkiotela idatziz bermatzea eskatzeko. Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuarekin bildu zen Muñiz eta horrek eskaera onartu ondotik, baraualdi erdia bertan behera utzi zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.