Bruselak onartua ere, hazi transgenikoak landatzea edo ez Europako Batasuneko estatuen erabakia izango da. Hala erabaki dute 28 estatuetako nekazaritza ministroek gaur egindako ministroen kontseiluan. 26 estatuk alde bozkatu dute, eta bi abstenitu egin dira (Belgika eta Luxenburgo). Gaur hartutako akordioak bi ertz ditu, ordea. Izan ere, aurrerantzean, prest dauden herrialdeek baimendu ahal izango dituzte labore transgenikoak, AEBetako multinazionalak aspaldi egiten ari ziren eskaria aintzat hartuta. Gaur egun zazpi hazi transgeniko Bruselaren baimenaren zain daude, eta beste bi dagoeneko baimenduta: MON810 eta TC1507 arto transgenikoak, hain zuzen ere.
Bruselak baimendu ostean, hazi transgenikoak landatzeari muga jarri nahi dioten herrialdeek Europako Batzordeari jakinarazi beharko diote bere erabakia, besteak beste, ingurumenean eta osasunean izan ditzaketen ondorioak aipatu ditzakete debekatzeko arrazoien artean.
Hazi transgenikoen inguruan ikuspegi eta jarrera ezberdinak dituzte Europako herrialdeek, eta horren inguruko erabakia luzaro egon da blokeatua. Iaz Europako Justizia Auzitegiak ebatzi zuen Europako Batzordeak TC1507 arto transgenikoaren baimentzea bideratu egin behar zuela, oinarri gabe erabaki hori denbora luzez — 2001etik 2109ra— atzeratu ostean. Epai hori jasota, hazi transgeniko horren inguruko dosierra ireki zuen berriro Bruselak iaz. 19 herrialde hura baimentzearen kontra egon arren, ez zuten behar besteko gehiengoa izan aurtengo otsailean egindako bozketan, Alemania eta Belgika abstenitu egin zirelako. Hala, laster bigarren arto transgeniko hori landatzeko baimena emango du Bruselak, baina gaur hartutako erabakiarekin, estatuen esku geratuko da hura ezartzen uztea edo ez.
Erabaki horrek ondorio nabarmenak izango ditu Espainian, Galizian, Herrialde Katalanetan eta Euskal Herrian. Izan ere, Europa osoko hazi transgenikoen %90a herrialde horietan landatzen baita. Euskal Herriaren kasuan Nafarroa da arto transgenikoak landatzen dituen herrialde bakarra.