Eneko Bidegain
Baiona
Dudak ukan zituen Didier Borotrak. Miarritzeko auzapez izaten jarraitu ala ez erabaki behar zuen. Azkenean, baietz. Berriz aurkeztuko da hauteskundeetara. 70 urterekin, azken agintaldiari lotuko zaiola erran du. Hamazazpi urtez «zerrenda ireki» batean lan egin ondoan, formula bera erabiliko du orain ere. «Bakoitzak bere ideiak atxikitzen ditu, bere engaiamenduetan aske dago. Baina denak hiri proiektu beraren alde ari dira», azaldu du Borotrak. Abertzaleak, ezkerrekoak, zentristak eta eskuinekoak biltzen dira zerrenda horretan. «Miarritze ez da alderdi politiko bakar batena ere. Miarriztarrena da, eta normal da denek parte har dezaten haren kudeaketan eta garapenean».
Borotraren zerrendak kolore politiko asko dauka, baina UDF-Modem eta UMP alderdien babesa lortu du. Max Brisson UMPko Ipar Euskal Herriko arduraduna berriz ere aurkeztuko da zerrenda horretan. 2014ko udal hauteskundeetan, Borotraren segida hartuko al du? Zerrenda «irekiko» buru izanen al da? Edo bestela Jacques Veunac Borotraren hurbilekoa? Aurten hasiko den agintaldian argituko da hori. Miarritzeko politikagintzako lehen ezpaten arteko lehiaren mentura izanen da.
2014an pisu bat ukaiteko asmoz aurkeztuko da Peio Claverie ere, baina beste zerrenda batean. «Eskuin gogorra indartsu dator Miarritzera, eta horren aurkako fronte bat sortu nahi dugu», azaldu zuen Claveriek, zerrenda osatuko zuela iragarri zuenean. Claverie 2001ean atera zen Borotraren zerrendatik, hamar urtez zinegotzi izan ondoan. Ez zuen onartu Max Brisson zerrendan sar zedin. Miarritze Bestelakoa elkarteko beste abertzaleek Borotraren zerrendan jarraitu zuten.
Claveriek ez du tokirik aurkitu aurten Borotraren zerrendan. Eta bere zerrenda propioa osatu du, abertzaleek eta ezkertiarrek osatua. Didier Borotraren zerrendak UMPren babesa lortu izanak ezkerrean eremu bat zabaltzen duela argitu du. Ezkerreko udal proiektu alternatibo bat aurkeztu nahi du. «Bi norabideko Miarritze bat bada, itsasbazterrekoa bata, gau osoan argitan dagoena, eta ilunpetan dauden auzoetakoa bestea. Familien %10 hilabetean 500 eurorekin bizi dira, eta beste %10 zerga gehien ordaintzen dutenak dira. Aberatsen eta pobreen arteko alde hori murriztu nahi dugu».
Ez da ezkerreko zerrenda bakarra izanen. Alderdi sozialistak zerrenda bat osatu du, Galery Gourret-Housseinek gidaturik. Miarritzeko hiriak arlo soziala «denbora gehiegiz baztertu» duela salatu du zerrenda sozialistak. «Urtero 250.000 euroko isuna ordaintzen dugu, SRU legea ez betetzeagatik». SRU legearekin, hiriak behartuak dira etxebizitzen %20 babes sozialekoak izatera. Miarritze urrun dago, %8rekin. Hein hori ez betetzeagatik, isunak ordaindu behar ditu. Miarritzeko hiriak «zorrak» dauzkala salatu dute sozialistek, «udal finantzak nolanahika kudeatzeagatik».
ESKUINEKO ZERRENDA. Diru gehiegi «xahutzea» leporatzen dio Jean-Benoit Saint-Cricqek Borotraren taldeari. RPR alderdi ohiko militantea da. Zerrenda bat aurkeztu du Borotrarenaren aurka. Hiriak 75 euroko zorra duela salatu du. Zergak %20 jaitsiko dituela hitzeman du. Hiriko aparkalekua lur barnetik lurrazalera ekarri nahi du, berriz. «Proposamen demagogikoagoak aurkitzea zaila da», erantzun dio Max Brisson Borotraren zerrendako kideak. Zorra 37 milioi eurokoa dela erantzun du. «Eskualdeko kontuen ganberak hiriaren diru egoera sanoa dela dio».
Max Brisson eta Jean-Benoit Saint-Cricq ez dira lagunak. Duela zazpi urte, RPRk Max Brisson alderditik kanporatu zuen Borotraren zerrendan abertzaleekin batera aurkeztea erabaki zuelako. Saint-Criqcek RPRren zerrenda zuzendu zuen, Borotraren aurka. 2002an, Jacques Chiracek Frantziako presidente bozak irabazi eta bere gehiengoaren inguruko UMP alderdia sortu zenean eta RPRren tokia hartu zuenean, Max Brisson UMPko Ipar Euskal Herriko arduradun bihurtu zen, eta, beraz, izen berria zuen alderdi politikora itzuli zen. Orain, UMPk Borotraren zerrenda sostengatzen du. Ez Saint-Cricqena. Datozen sei urteetan, UMPren barneko lehia has daiteke.
ZenBaKIa
6
Abertzaleak. Miarritze Bestela elkarteko abertzaleek aurten ere lortu dute akordioa Didier Borotrarekin. Sei zinegotzi ukanen dituzte, zerrenda horrek hauteskundeak irabazten baditu. Horietatik bi auzapezordeak izanen dira. Euskararen udal zerbitzu bat sortzea adostu dute. Euskarak hirian duen lekua garatzea izanen da zerbitzu horren funtzioa.MIarrITze zenBaKITan
Auzapeza: Didier BorotraPopulazioa: 30.739
Langabeak: 914
Etxebizitza sozialak: %8
Bizileku zerga: + %19,05
ZerrenDaK
Didier BorotraAuzapezaren taldea berriz aurkeztuko da. Juliette Seguela eta Max Brisson kontseilari nagusiak zerrendan izanen dira. Michel Pouyts, Jakes Abeberri eta beste lau abertzale ere aurkeztuko dira. Orain arte oposizioko zerrendan aurkeztu den Andre Labeguerie sozialista ohia ere Borotrarekin izanen da.
Peio Claverie
Ezkerreko zerrenda osatu du militante abertzale eta Miarritzeko zinegotzi ohiak. Biarritz Olympique errugbi taldeko lehendakari ohia da. Bere inguruan militante abertzale franko (ABkoak eta Batasunekoak gehienbat) eta abertzaleak ez diren ezkertiar andana bat ere bildu ditu. Miarritzen ezagunak diren franko dauzka zerrendan.
Jean-Benoit Saint-Cricq
RPRko kide ohiak zerrenda osatu du. Patrick Destizon, Maider Arostegi eta Jean-Philippe Dubreuil dauzka zerrendan. Dubreuil Nouveau Centre alderdiko presidentea da, Pirinio Atlantikoetan.
Galery Gourret-Houssein
Alderdi sozialistaren zerrenda gidatuko du.