Tratu txarrak eta lan esplotazioa salatu ditu 15 urteko neskato batek Iruñerrian
Iragan udatik tratu txarrak eta lan esplotazioa jasan dituela salatu du Iruñerriko neska batek polizia etxera joanda. Espainiako Poliziak jakinarazi du 15 urte dituela neskak, eta «galduta» azaldu zela polizia etxera. Salatu du etxeak garbitzera eta zaharrak zaintzera behartzen zutela, eta lan saria kentzen ziotela. Neskak adierazi du mutil lagunak eraso egiten ziola, eta aski zela horretarako makillajea jartzea edo haren gustuko ez zen arropa jaztea. Mutilaren familiarekin bizi zen neskatoa. Erasoen aurrean, familiarengana Errumaniara itzultzeko asmoa adierazi zuen. Ordea, mehatxu egin zioten, senideak hilko zituztela. Bikotekidea, 21 urtekoa, atxilotu dute. Gizarte zerbitzuek bidea hasi dute neskatoa sendiari itzultzeko. Beste hiru kasuren berri izan du Poliziak asteon Nafarroan. Aurrekariak dituen pertsona bat atxilotu dute Estellerian; Atarrabian, 28 urteko gizon bat, etxean eraso egiteagatik; eta Iruñean, polizia kontrol batean bikoteari eraso zion gizon bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu