POLITKA

Trebiñu eta Argantzun Arabara batzeko eskaria erregistratu dute Eusko Legebiltzarrean

PSE-EEk, EAJk eta EH Bilduk egin dute eskaria, nork bere aldetik baina eduki bera duten dokumentuen bidez.

2013ko uztailaren 9a
15:29
Entzun

Trebiñu eta Argantzun udalerriak Araban "administratiboki eta politikoki" integratzeko eskatu dute PSE-EEk, EAJk eta EH Bilduk, Eusko Legebiltzarrean erregistratutako eskaera formal baten bidez. Nork bere aldetik egin du eskaria, baina hirurek erregistratutako dokumentuek eduki bera zuten. Txarli Prietok (PSE-EE) adierazi duenez, hiru alderdiek eskaria modu horretan egitea erabaki zuten aurrez, gaiaren inguruko "manipulazio faltsuak" saihesteko eta inork ez dezan pentsa "maniobra alderdikoia" denik —batez ere, kontuan izanik badirela eskaria izenpetu ez duten talde parlamentarioak, PP eta UPD, kasurako—. Eusko Legebiltzarrak eskari horiek onartuz gero, Espainiako Kongresuan aurkeztu ahal izango dute Trebiñu eta Argantzun Araban integratzeko lege organikoa.

PSE-EEk, EAJk eta EH Bilduk aurkeztutako dokumentuek artikulu bakarra dute: egun Burgosen (Espainia) menpeko diren Trebiñu eta Argantzun Araban sartuko direla dio. Bi lege xedapen iragankor eta amaierako bat ere baditu dokumentuak. Lehenengoak zehazten du lege organiko horrek eragiten dien diputazioek, hurrengo lekuko hauteskundeetara arte, egungo osaketa mantenduko dutela; horiek iristean, "beharrezko neurriak" hartuko dituzte euren osaketa eta funtzionamendua moldatzeko. Bigarrenaren arabera, lege organiko hori onartu eta hiru hilabeteko epean, dagokien erakunde eta organismo publikoek zerbitzu publikoen egitura eta funtzionamendua antolaketa berrira moldatuko dute. Azken xedapenak dio lege organiko hori Espainiako Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean indarrean jarriko dela.

Xabier Agirre EAJko parlamentariak adierazi duenez, Espainiako Konstituzioko 141.1 artikulua eta EAEko 8. arau-estatutua ditu oinarrian hiru alderdiek Eusko Legebiltzarrean gaur erregistratu duen dokumentuak. Eusko Legebiltzarrak onartuko balu, organismo horretako hiru ordezkarik defendatuko lukete ekimena Espainiako Kongresuan —hori da gaian eskumena duen erakundea eta azkenik ekinbidea aurrera atera edo ez erabakitzen duena—. Agirreren ustez, Raxoik "arazoak konpontzeko eta indarrean dagoen araudia errespetatzeko" dagoela badio, ekinbide honekin hori frogatzeko aukera du Espainiako Gobernuko presidenteak.

Trebiñu eta Argantzun Arabaren parte izateko eskaria PSE-EEk, EAJk eta EH Bilduk egin badute ere, eskaria jatorrian bi udalerriek egin zutela gogoratu dute hiru alderdietako ordezkariek. Hala adierazi du, esaterako, Belen Arrondok (EH Bildu): "Euren biztanleek duela asko erabaki zuten Arabaren parte izan nahi zutela: orain artean ez da errespetatu euren borondatea, eta ondorio negatiboak izan ditu herritarrengan. Beraz, ekinbide hau ez da gurea, Trebiñu eta Argantzungo udalena baizik". 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.