TREBIÑU

Trebiñu eta Argantzun Arabara batzeko prozedura has dezala eskatu diote alkateek Eusko Legebiltzarrari

Ignacio Portillak eta Roberto Ortiz de Urbinak  eskaera erregistratu dute gaur Legebiltzarrean. Martxoan onartu zituzten bi udalek Arabarekin bat egiteko mozioak.

edurne begiristain
2013ko maiatzaren 31
16:35
Entzun

Trebiñuk eta Argantzunek beste urrats bat egin dute gaur Burgostik bereizi eta Arabarekin bat egiteko. Bi herrietako alkate Ignacio Portillak eta Roberto Ortiz de Urbinak  Eusko Legebiltzarrean erregistratu dute bi herriek Arabarekin bat egiteko eskaera. Zehazki, bi udalek Eusko Legebiltzarrari eskatu diote eskualdeetako mugak aldatzea ahalbidetuko duen Lege Organikoa onartzeko eskatu diezaiela Espainiako Gorteei. Modu horretan, Trebiñuko konderria Burgosetik bereizi eta Araban txertatu ahal izango litzateke. Lehenik eta behin, legebiltzarkideen hiru laurdenak babestu beharko dute lege ekimena eta ondoren, onartutako proposamena Madrilera igorriko litzateke, hango Gorteek oniritzia eman diezaioten.

Trebilñu eta Argantzungo alkateek Legebiltzarreko prentsa aretoan agerraldia egin dute goizean, eta itxaropentsu agertu dira. Trebiñuko alkateak "historikotzat" jo du aurkeztutako ekimena, lehen aldiz iritsiko delako Madrilera Trebiñuko afera. Orain auzia behin betiko konpontzeko "aukera berria" irekiko dela ziurtzat jo du. Argantzungo alkateak,  berriz, ekimena erabat  "legezkoa" dela nabarmendu du, eta horren bitartez mendetako "bidegabekeria" bati amaiera emango zaiola esan du.

Legebiltzarrak lege ekimena onartuko duela ziur dira bi alkateak, gainera. Jakinarazi dutenez, talde guztiekin batzartu dira eta proposamenaren alde bozkatuko dutela baieztatu diete UPDk ez gainerako taldeek (UPDk ekimena sakonako aztertuko duela esan die). Udazkenerako proposamena Gorteetan eztabaidatua izatea espero dute alkateek.

 

Estatutuan jasotako prozedura

Trebiñuko konterriak Euskal Autonomia Erkidegoarekin bat egiteko aukera ahalbidetzen du 1979ko estatutuak. Horrela, 8. artikuluaren arabera, "Euskal Herriko Komunitate Autonomoari, beronen lurraldean osorik kokaturik dauden eskualdeak edo udalbarrutiak erants dakizkioke", hiru baldintza betez gero:

Eskabide hori udalaren edo udalen arteko gehiengoak egitea eta sartu nahi duten eskualdea edo udal barrutiak dauden erkidego edo probintziaren iritzia biltzea; 2. Udalbarruti edo lurralde horietako herritarrek hala erabakitzea, erreferendum bidez, eta aldez aurretik baimen guztiak bildurik eta bozkatu diren boto baliodunen gehiengoa aintzakotzat harturik; eta 3. Eusko Legebiltzarrak lehenik eta Espainiako Gorteek gero, Lege Organiko baten bidez, eskaera onartzea.

Konterriak hainbat saio egin ditu Arabarekin bat egiteko; 1646. urtekoa da aurreneko eskaera, eta lau aldiz saiatu zen XX. mendean: 1940an, 1958an, 1980an, 1998an.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.