LURRALDE EGITURAKETA

Trebiñuk Arabarekin bat egitea ahalbidetzeko eskatu dio Udalbiltzak Madrili

Ignacio Portilla Trebiñuko alkatea Euskal Herriko udal eta udal hautetsien biltzarrera atxiki da.

Udalbiltzakoak, gaurko agerraldian. R. B., ARP
2013ko azaroaren 28a
15:24
Entzun

Udalbiltzak agerraldi bat egin du gaur eguerdian, konterriaren auzi administratiboaz duen jarrera azaldu eta Trebiñuko alkate Ignacio Portillak biltzarrarekin bat egin duela jakinarazteko. Iaztik da Portilla Trebiñuko alkatea, eta hautagaitza independente bateko kidea da. Trebiñuko udaletxean bada lehendik udalbiltzakide bat: Nestor Fernandez.

Erakundearekin bat egiten duen 176. alkatea da Portilla, Udalbiltzak jakinarazi duenez. Guztira 1.424 kide ditu. Udalbiltzaren ustez, garrantzia "kualitatiboa" du "administratiboki Euskal Herrikoa ez den udal bateko alkateak Udalbiltza aintzat hartzea eta bertako kide egitea".

“Euskal Herriko parte da Trebiñu, erabat gaude integratuta mugimendu sozial eta instituzionaletan-eta, eta gaurkoa, nik Udalbiltzari atxikimendua eman izana, normaltasun agerraldi gisa hartu behar da. Oinarrizko erakunde bat da Udalbiltza, udalek eta udal hautetsiek osatzen dutelako, eta udalak eta hautetsiak dira herritarrengandik gertuen dauden erakundeak. Lan garrantzitsua egin dezake Udalbiltzak", esan du Portillak.

Horrez gain, Trebiñuk Arabarekin bat egitea ahalbidetzeko eskatu dio Udalbiltzak Madrili. Argudiatu du eskaera "demokratikoa" dela, eta oroitarazi azken 33 urteetan Trebiñuk hiru aldiz eskatu duela hori, udal mozioak onartuta: 1980an, 1998an eta aurten, martxoan. Eskaera horri ezezkoa emanez gero, Udalbiltzak ohartarazi du aldarrikapen horren alde dauden eragileek "bestelako neurriak" har ditzaketela, "estatuko bide administratiboa agortutzat jota".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.